Aldabako Intxur Auzo Elkarteak egoitza berria inauguratuko du igandean. Frontoiari itsatsita dagoen apaizetxea berritu dute eta bertan elkarte gastronomikoa eta erabilera anitzeko gela egin dituzte, besteak beste.
Inaugurazio ekitaldia mezarekin hasiko dute, 12:30ean. Ondoren, eraikin berritua bedeinkatuko dute. Aurreskua ere dantzatuko dute eta ondoren egingo dute zinta mozketa. Auzokideez gain, bertan izango dira Tolosako Udaleko ordezkariak ere. Ekitaldia amaitzeko mokadutxoa hartuko dute.
Elkartearen inaugurazioa ere aprobetxatuko dute omenaldiak egiteko. Alde batetik, orain 50 urte inguru Aldaban apaiz zegoen Jose Iradi omenduko dute eta, bestetik, haur eskola zegoenean bertako andereñoa izan zen Mirari Ezkurdia. 1958an luizi handi bat izan zen eta Aldabako eliza eta apaizetxea mugitu zituen. Jose Iradik bultzatuta, berrikuntzak egin ziren elizan eta apaizetxean eta frontoia eraiki zuten. Eskola ere martxan jarri zuen.
Egungo eraikinean, behe solairuan, komun publikoak, elkarte gastronomikoa eta honen komunak daude. Lehen solairuan, balioanitzeko gela, komuna, elkarteko bilera-gela eta apaizaren bulegoa dago. Balioanitzeko gela liburutegia ere izango da eta bi ordenagailu egongo dira bertan. Eraikina Gotzaitegiarena da eta 15 urtetako kontzesioa eman dio udalari.
Auzoko bilgune
Intxur Auzo Elkartean zortzi laguneko talde eragilea biltzen da, auzoaren beharrak aztertzeko eta bideratzeko. Elkarteko lehendakaria den Joxe Ramon Emanaldek dioenez, «konturatu gara azkeneko trenaren azkeneko bagoian gabiltzala eta ez bagara esnatzen auzoa bukatu egingo dela». Horregatik hasi dira biltzen eta «ematen du jendea gogoarekin dagoela», dio Emanaldek.
Elkartea auzoaren bilgune izango da. Lehen jatetxea izaten zen biltzeko lekua, baina itxi zenetik ez da izan orain arte elkartzeko lekurik. «Biltzeko leku bat ez izateak jendea mugiarazi du», dio Emanaldek. «Aldabak baserriak oso sakabanatuta ditu eta orain elkarteak auzotarrak elkartu eta auzoaren beharrei erantzuna emateko balioko du». Hain justu, aurki Kultur Asteburua antolatu dute elkartekoek, abenduaren 10ean eta 11n.