Yutakaren ama, Nagako Ikeguchi, duela zazpi urte Japoniatik Euskal Herrira etorri zen, turista gisa. Urdaibai ikustean ordea, maitemindurik gelditu zen eta nekazalturismo etxe batekin hasi zen ametsetan. Yutaka semea konbentzitu ondoren, lehen urratsa eman zuten, Gernikan taberna bat erosiz.
Bost urte ondoren, Ikegutxi jatetxeko sukaldaria eta arduraduna da Yutaka. Nagakok familiaren baratza gobernatzen du, eta astelehenero Gernikako azokan jartzen du bere postutxoa.
Yutakaren esanetan, horrelako azoka gutxi egoten dira Japonian, «jendeak gehienbat supermerkatuetara jotzen baitu».
Tenpura japoniar erara
Tolosako Azokak + KM0 ekimenak hitzordu berria dauka larunbatean, Zerkausian. Oraingo honetan, sukaldaria, Yutaka bera izango da.
Lehenik, goizean goiz, azokatik itzuli bat emango du, bertako produktu freskoak erosteko. Ondoren, hauekin eta jadanik prestatzen ari den beste hainbat elikagaiekin, Tenpura bat egingo du japoniar erara. Yutakarekin batera, larunbatean, Tolosa Gourmeteko sukaldari bat egongo da.
Suak 11:30ean piztuko dituzte. Barazkiak, mariskoa, sojaz eginiko salda... eta beste hamaika osagaiek Zerkausian japoniar kolorea eta usaina zabalduko dute. Ondoren, jendearen artean banatuko dute Tenpura.
Tolosako udalak eskaini dion aukerarekin «oso gustura» dago Yutaka. Bidaia gainera, Topic ezagutzeko aprobetxatuko omen du japoniarrak, bere herriko txotxongiloak ikusteko. Ez baita ahaztu behar, larunbatean bertan hasiko dela Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia Tolosan.
Azkenik, Ikegutxi jatetxeko sukaldariak, eskualdeko herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu azokara eta bertan prestatuko duen Tenpura dastatzera.