Skate pista eraikiko dute Usabalen

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 24a

Abenduko zubiaren ostean hasiko dira Usabal kiroldegian skate pista eraikitzeko lanekin, eta datorren urteko martxorako prest egotea espero dute. Udalak azaldu duenez, azpiegitura hau "herriko gazteen beharrei erantzuna ematera dator".

Izan ere, skate-a egiten duten gazteek diotenaren arabera, duela sei urte hasi zen herrian skate park bat egiten hasteko prozesua. "Garai hartan Udalari kirol hau egiteko eskaera egina genion, baina urtean zehar hainbat skate txapelketa antolatzera mugatzen zen", azaltzen dute.

Aurten, ordea, hainbat bilera izan dituzte, eta proiektuari eutsi eta aurrera egitea erabaki du Udalak. "Skate park-aren kokagunea eta izaera adostu ondoren, Udaleko arkitektoak bi proiektu jarri zituen mahai gainean, eta hori ere denen artean aukeratu genuen". Bada, irailean lehiaketara zabaldu zuten eta dagoeneko izendatua dago gune berria eraikiko duen enpresa.

Tolosatik atera gabe

Gazteek azaltzen dutenez, beste herri batzuetara joan beharra izaten dute kirol hau egitera. «Hemendik aurrera Tolosan geldituko gara, eta ziur kirol honen zaletasuna areagotu egingo dela».

Oscar Renedo kirol zinegotziak adierazi duenez, «Udaletik aisirako doakoak eta onuragarriak diren erabilerak izango dituen gune honen aldeko apustua» egin dute. Halaber, berak dioenez, «oso garrantzitsua» da gazteekin izan duten «elkarlana».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!