Tolosako hainbat taldek "euskal preso politikoekiko elkartasuna adierazi eta sakabanaketa politikak sortzen duen injustiziari aurre egiteko helburuz" Elkartasun Eguna antolatu du larunbat honetarako. Egun osorako eta adin guztiei zuzenduriko egitaraua prestatu dute, ume jolasak, kalejira, bazkaria, manifestazioa eta kontzertuekin osatua.
Antolatzaileek azaltzen dutenez, "Espainiar zein Frantziar estatuek indarrean duten sakabanaketa politikak, hildako batzuk sortzeaz gain, euskal preso politikoen senide eta lagunengan sekulako odoluste ekonomikoa sortzen du". Eta "horri aurre egiteko" erabaki dute Elkartasun Eguna antolatzea.
"Eskubiderik gabeko pertsonak"
Era berean, "euskal preso politikoek bizi dituzten muturreko egoerak" ere salatu nahi dituzte: "Une honetan, 6 dira gaixotasun larriekin preso dituztenak, eta zortzi gaixotasun larriekin espetxealdi arindua betetzen ari direnak; 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean 53 euskal preso politikok, eta biziarteko zigorra ezarri diete, tartean, Pello Odriozola tolosarrari; bestalde, 720 euskal preso politiko daude kolektiboan, eta hauetatik hamar baino ez daude Euskal herrian, beste guztiak etxetik ehunka edo milaka kilometrora daude".
Elkartasun Eguneko antolatzaileek "euskal preso politikoak eskubiderik gabeko pertsonak" direla gehitzen dute. "Urratuak dituzte komunikazio eskubidea, aitatasun edo amatasun eskubideak, hezkuntza eta hizkuntza eskubideak edota osasun eskubideak, eta sistematikoki bakartuak dira, isolamendura eramanak edo jipoituak, jazarriak eta mehatxatuak. Gainera, zigorgabetasun osoa dute espetxezainek beraiei nahi bezalako tratua emateko".
«Etenik gabeko jazarpena»
Halaber, presoen senideen "jazarpenak ez duela etenik" salatzen dute; "Miaketa umiliagarriek jarraitzen dute, kontrolen eta oztopo guztien jomuga dira, eta milaka kilometroko bidaiak egin beharrean aurkitzen dira senidearekin minutu gutxi batzuetan egoteko".
Antolatzaileen arabera, egoera honek sortzen du elkartasuna, "elkartasunak injustizian baitu sorburua". Hala, diotenez, "espetxe politika anker honen ondorio zuzena da gure herrian euskal preso politikoekiko dagoen elkartasun mugimendua". Mugimendu horrekin bat eginez, Tolosaldeko nahiz Euskal Herriko herritar oro animatzen dituzte Elkartasun Egunean parte hartzera, eta horrela «euskal preso politikoei elkartasuna adieraztera».
Elkartasun Eguna (larunbata, hilak 20)
10:30. Ume jolasak, txotxongiloak... Plaza Berrian.
Eguerdian. Kalejira trikitixa eta dultzaineroekin.
14:00. Bazkaria, Plaza Berrian (15 euro, langabetuek 10; txartelak ohiko tabernetan salgai).
Bazkalostean. DJ Bull.
18:30. Elkartasuna ez da delitua. Euskal Presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe lelopean manifestazioa.
22:00. Betagarri, Kantaflor, Egurra ta Kitto, Ze Esatek eta Laket taldeen kontzertua, Ferialekuan (Ohiko tabernetan, 10 euroan salgai).