Urteko merkatari onenaren saria eman diote Eceiza gozotegiari. Juan Eceiza (Tolosa, 1957) enpresako kudeatzailea da eta pozik agertu da jasotako sariarengatik. 1924ean sortua, familia-enpresa da Eceiza gozotegia. 25 langile ditu, bi denda, lantegia, eta hainbat lekutan bere produktuak saltzen dituzte.
Pozik hartuko zenuten saria.
Sariak beti gustura jasotzen dira. Nik gozotegian zazpi urte besterik ez daramatzat, eta batez ere ilusio handia egin zien aitari eta amari. Orain jubilatuta daude, baina bizitza guztia pasatu dute gozotegian lanean. Hau izan da etxekoek egin dieten lehenengo horrelako esker ona eta oso-oso pozik daude. Pentsatu zuten protokolozko ekitaldia izango zela, baina 70 lagun bildu ginen Topic-en eta oso ekitaldi polita izan zen eta oso gustura pasatu genuen.
Beraz, gurasoak ere joan ziren sari banaketara.
Saria benetan beraientzat da. Nik jaso nuen beraiei ez zaielako gustatzen argazkietan ateratzea, baina benetan saria beraientzako da. Aitona eta amona hasi ziren, gero aitak eta amak jarraitu, gero anaiak, eta azkenean hiru anai gaude.
Saria merkatari elkarteak ematea ere berezia izango da, zuen lana aintzat hartu duten seinale.
Ez bakarrik jasotzea, han bertan egotea eta sari banaketan hainbat jendea biltzea asko gustatu zitzaion aitari.
Tolosa ezaguna da bere gozogintzarengatik eta zuek zerikusia duzue horretan.
Jendeak pastelak jateko ohitura du eta nik uste dut herrian gauden gozodendak maila altukoak direla. Ez gu bakarrik: Gorrotxategi, Gozona eta orain urte batzuk hasi ziren Gorosti eta Saizar. Nik uste dut maila nahiko txukuna dugula.
Gozodenda horiek, gainera, parte hartzen duzue herrian antolatzen diren ekimen gastronomikoetan.
Orain dela gutxi Tolosa Goxua azoka izan dugu, laster izango da Txuleta Festa, eta orain Tolosa Gourmet bezala stand bat dugu Donostiako Gastronomika Azokan. Hor tartekatzen gara dastatzeak egiteko.
Krisiaren eragina nabaritzen ari al zarete?
Nabaritzen dugu, garbi gainera. Data berezietan, Eguberrietan adibidez, ez da hainbeste nabaritzen. Batez ere egunerokoan nabaritzen da. Hor pastelen salmenta asko jaitsi da.
Zein dira zuen produktuetan izarrak?
Teilak eta zigarrotxoak dira, noski. Nire aitak, Luis Eceizak, sortutakoak dira. Julian erretegiak egindako eskari bat izan zen: postre bat behar zuela maila handikoa eta gainera egunean zehar ez zena galtzen. Hasi zen proba batzuk egiten eta hortik atera zen. Bestalde, bonbak oso ondo saltzen ditugu eta croissantak gero eta hobeto. Eta baita te-pastak ere. Orain hogei urte inguru pasta industrialak hasi zirenean, jaitsiera handia nabaritu genuen. Baina orain sei-zazpi urte, berriz ere jendeak kalitatearen alde egin zuen eta horrelako pastak gero eta gehiago saltzen ditugu.
Nola definituko zenuke zure enpresa?
Guretzat kalitatea izan da beti garrantzitsuena. Eta hortik jarraituko dugu. Lantegi berria jarri genuenean, makina asko eskaini zizkiguten lana errazteko, eta bat edo beste erosi dugu. Baina beste batzuk atzera bota ditugu, guk ditugun produktuak eta masak ez zirelako ondo pasatzen makina horietatik. Masa aldatzeko eskatzen ziguten, baina guk ez dugu hori aldatzen. Guk badakigu kalitate bat dugula eta hori da gure marka.