«Gurean besteetan baino gazte gehiago inplikatzen da»

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 23a

Miren Aranguren Emagin eta Bilgune Feministako kidea

Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da etzi, eta hainbat ekintza antolatu dituzte erakunde eta elkarteek gizartea sentsibilizatze aldera. Tolosako Udaleko Jabekuntza Eskolaren barruan, esaterako, Euskal Herriko mugimendu feministaren historia landuko dute bihar, Tolosako Kultur Etxean, 19:00etan. Miren Aranguren eta Edurne Epelde Emagin eta Bilgune Feministako kideek emango dute hitzaldia.

Nola osatuko duzue hitzaldia?

Duela bi urte Emagin dokumentazio zentrotik lan bat egin genuen Euskal Herrian mugimendu feministak azken 30 urteetan izan duen bilakaeraren inguruan. Batetik mugimendu feministak izan dituen antolatzeko moduei erreparatu genien, eta antolaketa mapa bat osatu genuen. Bestetik, 1970. urtetik aurrera eraman dituzten borroka aztertu ditugu. Hori guztia azalduko dugu gaurko hitzaldian.

Zuen ikerketatik zer azpimarratuko zenuke?

Mugimendu Feministaren sorrera delako, bai Edurne eta bai ni orduan jaio ginelako edota mugimendu feministaren teorizazioaren abiapuntua izan zelako, 80. hamarkadak mugimendu feministaren aldetik izan zuen oparotasunaz jabetzea izan zen bereziena. Bagenekien mugimendu soziala oso garrantzitsua izan zela garai horretan Euskal Herrian, baina ez genuen uste mugimendu feministak hainbesteko pisua izango zuenik, bai antolaketa aldetik, bai eta ekintzei dagokienean.

Euskal Herriko mugimendu feministaren egoera nola deskribatuko zenuke?

Euskal Herrian talde ugari daude, agian mugimendu feministan nahiko genituzkeenak baino gutxiago, baina antolaketa aldetik pauso handiak eman dira. Azken urteak oso oparoak izan dira, eta talde berri ugari sortu dira herrietan. Beste lurraldeetan baino gazte gehiago inplikatzen direla gurean esango nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!