«Errepublikaren eta askatasunaren alde hildakoen izen ona aldarrikatzeko garaia da»

tolosa 2010ko aza. 23a, 19:08

http://www.youtube.com/watch?v=XDP8d7ScIyA

Urteak ez omen dira alferrik pasatzen eta urteekin batera zenbait gertakari ere ez lirateke alferrik pasatzen utzi behar, baina mundua ez da perfektua, akatsak edonon ikusten dira. Tolosar talde batek, Udalaren laguntzarekin, hala ere, urteetan ahaztuak izan direnen duintasuna berreskuratzeko ekimena abiarazi du, akatsak zuzentzeko urratsak eman behar baitira.

Egin dezagun atzera 74 urte eta kokatu gaitezen Tolosako San Blaseko kanposantuan. 36ko gerra garaia da, urte latzak. «Gerra Zibila eta Frankismoaren ondorioz hainbat tolosar erailda izan ziren gure herriko kanposantuan. Garaiko erakunde demokratikoak eta giza eskubideak urratuak izan ziren eta Frankismoak hamarkada luzeetan desagertutako bizilagun hauen oroimena ahanzturaren hilobietara bota zuen», azaldu du Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko kideak. Agirre Mauleon tolosarra da eta herrian eraildako hauen guztien «duintasuna berreskuratzeko» lanean ari den taldean ari da buru-belarri. «Egun gure herriko kanposantuan frankista garaileen panteoia besterik ez dago, hain zuzen ere udalaren jabegoa dena. Egoera honen aurrean, duintasuna eta justiziarengatik, Errepublika eta Euskal Herriko askatasunarengatik hildakoei oroimenaren monumentu bat eraikitzea giza legezkoa da» gaineratu du. Datuak ere eman ditu Agirre Mauleonek: 89 tolosar fusilatu zituzten, horietatik 32 San Blaseko kanposantuan, era berean tolosarrak ez ziren 19 pertsona ere erail zituzten bertan. Honekin batera, Gernikako eta Durangoko bonbardaketetan zein Tolosan izandako leherketa baten ondorioz beste 4tolosar hil ziren, eta beste 3 pertsona kontzentrazio-esparruetan.

Ezin kokapena zehaztu

Jakin badakigu fusilatzeak Tolosako kanposantuko ate nagusiaren ezkerraldean dagoen paretan egin zituztela, nahiz eta urteen poderioz ezin izan diren zantzuak topatu, ez eta hilobiak ere. «Teknikoki ezinezkoa da. Gure zaharrek, hala ere, pareta horretan proiektilak ikusi izana kontatu izan dute», dio Agirre Mauleonek. «Idatziko eta ahozko informazioa ez dira aurkitu eta Aranzadiko ikerlariak ezintasun horren lekuko dira. Urte hauetan guztietan bertan eraildakoak ahaztuak izan dira, «ez dugu ezer egin euren alde», eta beste alderdikoek berriz, «panteoiak dituzte, kaleen izenak izan dituzte, sariak jaso dituzte...».

Agirre Mauleonek Trianguloa plaza erdian Frankoren alde hildakoen oroimenez zegoen monumentua ere ekarri nahi izan du gogora zentzu honetan. «Errepublikaren eta askatasunaren alde hildakoak berriz, ahaztuak izan dira, eta beraien izen ona aldarrikatzeko garaia da», gaineratu du Aranzadiko kideak.

Monumentua

San Blaseko kanposantuan fusilatutako guztien «izen ona» aldarrikatzeko, beraz, herri ekimen honek euren aldeko monumentu bat jarriko dute hilerrian. Toki onean egongo da, sarreratik oso gertu eta «Tolosako Herriak bere seme kuttunentzat duen panteoiaren ondoan», Lizardirenaren ondoan, hain zuzen.

Errepublika eta Euskal Herriaren Askatasunaren Alde Hildakoei Monumentua otsailaren 26an inauguratuko dute. Honen aurretik Mikel Errazkinek gertakari hauen inguruan prestatu duen liburuaren aurkezpena izango da.

Monumentuan errepublikarren eta askatasunaren alde egiteagatik eraildako tolosar guztien izenak jarriko dituzte. «Monumentua era sinple batean proiektatu da, espazioa altzairuzko hiru zutabeekin mugatuz, batean bi plaka eransten dira eta bertan hildakoen abizenak zerrendatzen dira. Altzairuzko beste bi zutabeetan sekzio borobileko zuloak sakabanatzen dira eta hauen aurrean karaitzezko zutarri bat dago. Heriotza latzak burdinaren gogortasunarekin lotzen dira, pareta izaerarekin eta bertan balazuloen aztarnak, Tolosan ere beste hilerrietan fusilatzeak gauzatu ziren moduak adieraziz. Galtzairuzko plaka hauen aurrean zutarri bat, indarkeria horren aurrean bizitza eta pertsonen balioa aldarrikatuz», azaldu du monumentuaren inguruan.

Honekin batera, Agirre Mauleonek bihar 19:30ean Tolosako udaletxeko pleno aretoan izango den Gerra Zibilean emakumeen errepresioa hitzaldira joateko gonbita luzatu du.

Aranzadiko Lourdes Herrastik eskainiko du eta bertan emakumeek Espainiako gerra nola bizitu zuten eta honen inguruan egindako ikerketen inguruan hitz egingo du, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!