http://www.youtube.com/watch?v=TvScso6CPhk
Larunbat honetan hasi eta abenduaren 5era bitarte irudimenez beteriko txotxongiloen ikuskizunen magiaz eta liluraz beteko dira Tolosako eszenatokiak. 28. Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiak 19 herrialdetatik etorritako 10 antzerki talderen lanak hartuko ditu. Horietatik guztietatik, bat nabarmendu daiteke, Japonia, aurtengo gonbidatua. Hain zuzen ere, bi talde tradizional eta bi talde garaikide etorriko dira Tolosara emanaldiak eskaintzera, eta horretaz gain, Aranburu jauregian Japoniara irekiko dute leihoa, bertako 200 txotxongilo ingururekin osaturiko erakusketa berezian.
Krisiaren eragina
Osagai guztiak ditu, beraz, Tolosako Ekinbide Etxeak (TEE) bultzatzen duen ekimenak ikusleek espero duten maila emateko. Izan dute, baina, zailtasunik aurtengo egitaraua prestatzerako orduan, "krisiak gogor jo baitu". Ana Arretxe TEEko lehendakariak gaur eginiko aurkezpenean azaldu duenez, Tolosako Udalak diru laguntza mantendu eta Espainiako Gobernuak "zertxobait" igo duen arren, Eusko Jaurlaritzak %11 murriztu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, %25. Ondorioz, murrizketak egin behar izan dituzte aurtengo jaialdian; "Pasa den urtean baino %20 konpainia gutxiago ekarri ditugu, Tolosan %13 emanaldi gutxiago eta Gipuzkoa eta Bizkaian egiten dugun zirkuituan emanaldien kopurua %30 jaitsi da, eta horrekin, diru-sarrerak ere murriztuko dira".
Denera, 80 txotxongilo emanaldiz gozatzeko aukera izango da. Horietatik, 56 Tolosan, eta 24 zirkuituaren baitako herrietan. Tolosatik inguruko 34 herritako 60 ikastetxetatik etorritako 6.400 gaztetxo inguru igaroko dira antzezlanak ikustera.
Japonia da aurtengo lurralde gonbidatua, eta bertako txotxongiloen tradizioaz gehiago ikasteko aukera izango da, baina, baita bertako gastronomiaz ere. Izan ere, larunbat honetan, Slow Food ekimenaren baitan, euskal barazkiak japoniar erara prestatuko dituzte, eta horiek dastatzeko aukera izango du nahi duen orok. Halaber, datorren asteartean, hilaren 30ean, Solana 4 tabernan sushia probatu ahalko da.
Mikel Irizar Kutxako ordezkariak fantasia eta sormena lantzearen garrantzia nabarmendu du, "umetan sortzaile denak aukera handia baitu handitzen denean berritzaile eta eraldatzaile izateko". Horregatik, gisa honetako ekimenak laguntzen jarraitzeko apustua egingo dutela adierazi du. Era berean, egungo egoeraz ere mintzatu da, eta datorren urtean gure inguruan zein aurrezki kutxa geratuko diren "zalantza handiak" dituela esan du. "Aurrezki kutxak desagertzen badira gizarte ekintzak ere bai, eta horrek zer pentsatua ematen du. Kutxa momentuz eusteko moduan dago, bai finantza erakunde gisa, bai eta gizarte ekintzak bultzatzeko, baina bezeroen leialtasunarekin jarraitzea beharrezko dugu".
Jokin Azkue Tolosako alkateordeak eskerrak eman dizkie TEEko kideei, "euren lanari esker Tolosako ekoizpen kulturala asko indartu delako". Halaber, proiektuak bere horretan geldi geratu gabe, "aurrera indartsu jarrai dezan" ideiak dituztela eta hori garrantzitsua dela ere nabarmendu du.
Topic zentroaren lehen urtean 12.000 bisitari baino gehiago
28. Titirijai Jaialdia Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren lehen urtemugarekin lotua dator. Tolosako Ekinbide Etxeko Lehendakariak adierazi duenez, «oso pozik» daude lehen urteak eman duenarekin. Eta ez da gutxiagorako, zentroko museoak 12.000 bisitari baino gehiago izan baititu. «Jakin-min eta interes handia piztu du zentroak, eta bisitariek oso gustura izan direla eta ederki igaro dutela azaldu dute».
TEEko lehendakarriaren arabera, horrek «bide onetik» doazela esan nahi du. «Bai museoan, bai erakusketetan, bai eta emanaldietan iritzi baikorrak jaso ditugu ikusleengatik, eta bide berean jarraitzea espero dugu».
Mundura zabalduz
Bestalde, Tolosako enbaxadore izan dela Txotxongiloen zentroa nabarmentzen du Ana Arretxek. «Izan ere, Topic-ek asko bidaiatu du bere sorreratik, hori izan baita hasieratik genuen helburua. Euskal Herrian bertan hainbat gune eta azoketan izan gara, eta Espainian ere bai, Sevillan, esaterako».
Baina, urrutiago ere egin ditu bidaiak Tolosako zentroak. Shanghain izan da, eta bertako mundu mailako erakusketan lekua izan zuen, eta Seulen edota Charleville Mezieresen ere izan da, besteak beste. «Horregatik guztiagatik ere oso harro eta pozik gaude, nazioartean ezagutzera ematen ari garelako».