«Babarrunak bezain garrantzitsua da ura»

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 22a

Mikel Azarola Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko irabazlea

Tolosako Babarrunaren Asteari amaiera emateko Gure Kaiola elkartearen eskutik 500 lagunentzat bazkaria egin zuten atzo Zerkausian. Aurretik, 20 bikotek parte hartu zuten Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa egin zuten. Mikel eta Simon Azarola izan ziren irabazleak.

Hainbatetan parte hartu eta gero, azkenean jaso duzue saria.

Bai, oso pozik gaude aita eta biok, ez baikenuen irabazterik espero. Hamabi aldiz hartu dugu parte, eta bigarren eta hirugarren sariak lortuak ditugu, baina ez dugu inoiz lehen saririk eskuratu.

Zein da babarrunak prestatzeko zuen sekretua?

Kilo bat babarrun sukaldatu dugu, eta une oro gainean egon gara, zainduz eta mimatuz. Ez da gauza gisa horretan prestatzea edo norbere etxean prestatzea.

Baina, izango du zuen platerak besteengandik desberdintzen duen ezaugarririk.

Nik beti esan izan dut babarrunak bezain garrantzitsua ura dela. Horregatik, beti saiatzen gara ahalik eta ur garbiena erabiltzen, izan ere, iturri guztietatik ez da ur bera irteten. Horrez gain, tipula gorria eta oliba olioa erabili dugu. 15 minutuz su altuan eduki dugu, irakiten hasi arte, eta ondoren, su epelean 2 orduz. Piper berdea eta gatza erantsi ditugu ondoren.

Zer moduzkoa da aurtengo babarrun irabazlea?

Atzokoa bezain babarrun ona ez dut aspaldian ikusi. Oso ale gozoa eta kalitateazkoa da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!