http://www.youtube.com/watch?v=MENdiF7nt_c
Tolosa Goxua azoka igarota, sona handiena duen ezaugarri edo produktu baten txanda da orain, babarrunarena, hain zuzen. Asteburu honetan izango dira aurtengo Babarrun Astearen baitako ekitaldi nagusienak, eta ohi bezala, ez dute hutsik egingo Babarrun Ekoizleen lehiaketak, enkanteak, Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoak edota herri bazkariak, besteen artean.
Urte oparoa izan du, gainera, aurten babarrunak. Tolosako Babarruna elkartetik azaldu dutenez, «kantitatean ezezik urte ona izan da kalitatean ere». Hori dela eta, «oso gustura» daudela adierazi zuen atzo eginiko Babarrun Astearen aurkezpenean Mari Karmen Iradi Babarruna elkarteko lehendakariak. 27, 5 hektarea erein dituzte aurten, iaz baino 1,5 gehiago, eta 35.000 kilo biltzea espero dute, pasa den urtean baino 10.000 gehiago.
Herritarren elkargune
«Geroz eta maiteago dugun produktua» da babarruna Jokin Bildarratz Tolosako alkatearen arabera, eta horrez gain, «herritar
askoren elkargune izatea ahalbidetzen du asteburu honetakoa bezalako festa eginez».
Festa horrek osagai ugari izango ditu. Esaterako, babarrunarekin lotura duten produktuen azoka berezia izango da larunbatean, Trianguloan. Bertan, eguerdian Tolosako babarruna eta Segoviakoa dastatzeko aukera izango da, 800 razio baino gehiago banatuko baitituzte. Horrez gain, izango da, piperrak, txerrikiak, odolkiak... dastatu eta erosteko aukera.
Goizean zehar Babarrun Ekoizleen Lehiaketara aurkeztuko direnen babarrunak sukaldatzen ariko dira Roberto Ruiz, Felix Belaunzaran eta Peio Doyharzabal sukaldariak, eta eguerdian emango du epaimahaiak jakitera zein den aurtengo babarrun onena. Ondoren, babarrun horren lekale bat enkantean jarriko dute. Iaz ordaindutako 2.100 euroak Maliko eskola batera bideratu zituzten.
Larunbatak hartuko du beste lehiaketarik, Txinparta elkarteak antolatzen duen Txapela nork ondoen jantzi, hain zuzen ere. Emakume nahiz gizonek har dezakete parte, eta horretarako 607 83 59 67 zenbakira deitu beharko da, edo elkartera azaldu larunbatean bertan.
Larunbata eta igandean bazkariak
Bazkariaren unean ere babarrunek ezin hutsik egin. Larunbatean Ezpeleta ostalaritza elkarteak antolatuta Alde Zaharreko tabernetan babarrunak prestatuko dituzte, eta igandean, berriz, bazkaria izango da Zerkausian, Gure Txokoa elkartearen eskutik. Halaber, goiz osoan zehar Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa ere egingo dute aurreko egunean irabazi duen babarrunarekin. Bazkarian izena emateko 607 67 27 09 zenbakira deitu beharko da. 24 euro ordaindu beharko da babarruna ardatz duen menua dastatzeko.
Egitaraua osatzeko, gaztetxoenentzako ekitaldiak izango dira goizean nahiz arratsaldean, eta Beotibar pilotalekuan Biarritz eta Tolosako puntista beteranoak ariko dira nor baino nor.
Tolosatik at ere bai
Gurean ezezik, Donostian ere Tolosako Babarrunaren Eguna ospatuko dute. Astelehenean izango da, Kofradiak eta Londres
hotelak antolatuta. Londres hotelean babarruna osagai nagusi den menua jan ahalko da.