Frantziako ikasleekin elkartrukea

tolosa 2010eko azaroaren 11

Hirukide ikastetxeko ikasleek Frantziako iparraldeko Luneville hiriko 15 eta 16 urteko 41 ikasleren bisita izan dute aste honetan. Pasa den larunbatean iritsi ziren Tolosara, eta bihar itzuliko dira euren etxeetara. DBHko 4. mailako ikasleen etxeetan egon dira, eta egun hauetan Tolosa eta inguruko leku esanguratsuenak ezagutzeko aukera izan dute, hala nola, Donostia, Bilbo, Gernika edota Zumaiako flyscha, besteen artean. Astelehen goizean Hirukide-Eskolapioetako zuzendariak harrera egin ostean, laugarren mailako ikasleek aurkezpena egin zuten, eta euskaraz eta Euskal Herriko historiaz nahiz kulturaz saio bat jaso zuten. Ikastetxeko Goiko Irratian irratsaio bat ere grabatu zuten. Ingelesez burutu dute elkartrukea.

Pasa den urtean egin zuten lehendabizikoz elkartrukea Hirukidekoek frantziar ikasleekin. Orain Frantziatik etorri diren bezala, udaberrian tolosarrak izango dira hara joango direnak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!