IX. Xake Txapelketa Azkar-Azkarra izango da igandean Tolosan

tolosa 2010eko azaroaren 10a

Tolosako Urdiña Txiki elkarteak IX. Xake Txapelketa Azkar-Azkarra antolatu du igande honetarako. Elkartean bertan izango da.

Izen-ematea doanekoa izango da eta egunean bertan egin ahal izango da 09:30etik aurrera. Federatutako eta ez federatutako pertsonek hartu ahal izango dute parte, adin mugarik gabe.

Urdiña Txikiko arduradunek argitu dutenez, txapelketa «xumea» izateko jaio zena indartuz joan da eta gaur egun xake denboraldiko «klasiko» bat izatera iritsi da.

Tolosaldeko jokalariek hartu ohi dute parte, baina aurreko urteetan Iruñeako jendea ere gerturatu da, «baita Belgika eta Afganistanetik ere! ea berriz ere ikusten ditugun», azaldu dute antolatzaileek.

Maila altua

Txapelketako jokalariek maila altua dutela ere badiote, eta beraz, umeentzat oso aberasgarria izan daitekeela argitu dute. Horrexegatik animatzen dituzte eskualdeko xake jokalari guztiak, ume nahiz helduak, txapelketara gerturatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!