Datorren asteazkena, hilaren 10a, Memoriaren Eguna izendatu dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, "aurrerantzean, efemeride honek gertatutakoa gogoraraziko digu, inoiz gehiago gerta ez dadin. Indarkeriaren biktimen memoria bizirik izanik, guztiontzat hobea izango den etorkizunean fedea eta itxaropena dugulako". Tolosako Udalak bat egin du Memoriaren Egunarekin eta egun horretan antolatuko diren ekitaldiekin, "guztion urtemuga denez garrantzi handikoa delako".
Hala, egun horretan, Udalak hausnartzera eta hildakoak gogoratzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Helburu horrekin, Aranburu Jauregiko Lorategietan, Bizitzaren Zuhaitzaren alboan biltzera deitzen ditu tolosarrak.
Eguerdian, 12:00etan, Udal ordezkariak bilduko dira bertan, eta urriaren 26an Udalbatzak Memoriaren Egunaren harira onartu zuen mozioa irakurriko dute. Ondoren, lore-eskaintza egingo dute. Egun osoan zehar, 19:00ak arte, bertara joan eta lore-eskaintzak egiteko aukera izango dute herritarrek.
Udaletik adierazten dutenez, "euskal gizartearen eta euskal gizartea ordezkatzen duten erakundeen helburu nagusiak terrorismoa amaitzea eta normalizazioa eta bakea erdiestea dira", horregatik, herritar guztiak animatzen dituzte ekimenean parte hartzera.,