Orexan bildu da Aldundiko Diputatuen Kontseilua

Leyre Carrasco 2026ko uztailaren 14a

Foru Aldundiak Orexaren bide-orria aintzat hartu, herriaren lehentasunekin lerrokatu eta etorkizunean ere bidelagun izatea espero duela adierazi du Gurutze Etxezabal Orexako alkateak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Orexako udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua, legealdi honetan hasitako bilkura ibiltarien 25. hitzordua gauzatuz. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzea da asmoa, eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Gurutze Etxezabal alkateak egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udaletxean egin dute bilkura.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, sarritan aipatu ohi da Gipuzkoa «lurralde orekatua» dela. «Bada, hala izaten jarraitzea nahi dugu, eta hori, hein handi batean, bertan bizi eta lan egitearen aldeko apustua egiten duten herritarrei esker izango da. Landa inguruneko ekonomiari, lehen sektoreari eta jasangarritasunari egindako ekarpenaren bitartez, lurralde osoko ekonomia, ongizatea eta jasangarritasuna bultzatzeko garaian ezinbesteko funtzioa jokatzen dute herri txikiek», berretsi du diputatu nagusiak, eta euskararen eta komunitate balioen ikuspegitik ere «arnasgune» direla gehitu du. «Erakundeok, elkarlanean, lortu behar dugu balio horiei eutsi eta garatzen jarraitzeko ekarpena egitea», adierazi du.

Gobernu Kontseiluaren aurretik bilera egin dute Orexako alkatearekin, «herriaren proiektuak eta estrategiak ezagutzeko, eta baita udalak izan ditzakeen kezka eta ekarpenak jasotzera ere», azaldu du Mendozak. «Errepideko proiektua gainditu dugu, izan ere, hori Orexako Udalak legealdi hasieran egin zuen eskarietako bat zen, baita foru funtsaren aldaketa ere, eta baditugu beste erronka batzuk eskuartean, esaterako, etxebizitzarena», jakinarazi du diputatu nagusiak.

Era berean, gobernantza kolektiboan sinisten dutela adierazi du; «sinistuta gaude elkarrekin gauzak sendoagoak eta hobeto egingo ditugula herritarren mesedetan. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarri diren maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak», gehitu du.

Etxezabalek azaldu du Orexak urteak daramatzala bere etorkizuna eraikitzen, Orexa Bizirik herri estrategiaren bidez, «herriaren beharrei, izaerari eta egiteko moduari erantzuten dien bide-orri propioarekin». Azpimarratu du «herri txikiek euren etorkizuna eraikitzeko konpromisoa» badutela, baina horretarako «ezinbestekoa» dela gainerako erakundeen inplikazioa ere. Ildo horretan, Foru Aldundiak Orexaren bide-orria aintzat hartu, herriaren lehentasunekin lerrokatu eta etorkizunean ere bidelagun izatea espero duela adierazi du. «Izan ere, herri txikien etorkizuna erakundeen arteko lankidetzatik eta tokian tokiko proiektuak babestetik eraikitzen da», azpimarratu du.

Kontseilu ibiltariaren ondoren, diputatuek Oihan Txiki kooperatibak egiten duen lana ezagutu dute bertatik bertara, eta euren produktuak dastatu eta erosteko aukera ere izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!