Amaitzear dira Orexako Baso Arboreto Historikoaren lanak

Leyre Carrasco 2026ko martxoaren 19a

Orexako Udalaren 8.000 metro koadroko azalerako lursail batean «baso ekosistema tematiko» bat sortuko da, interpretazio-panelen eta ibilbide gidatu baten bidez.

Orexan Baso Arboreto Historikoa sortzeko proiektua martxan da. Honen helburua Orexako baso-kultura balioan jarri eta bertako paisaia interpretatzeko eta kontserbatzeko espazio bisitagarri bat sortzea da. Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren barruan kokatzen da —1. ardatza: Trantsizio Berdea— eta Europar Batasunak finantzatuko du NextGenerationEU funtsen bidez.

Orexako baso-historia irudikatu nahi da bertan dauden baso mota batzuk eraikiz eta jendeari horien inguruko informazioa helarazi, interpretazio-panelen eta ibilbide gidatu baten bidez. Hala nola, pagadia, hariztia, baso misto atlantikoa edo baso abandonatua, haltzadiak, bolatokiak eta koniferoen baso-landaketak egingo dira, azken urteotan inguru horretan erabiltzen ari diren espezieekin. Horretarako, udalaren 8.000 metro koadroko azalerako lursail batean «baso ekosistema tematiko» bat sortuko da. 

Duela urte batzuk eurite handi batzuen ondorioz luizi handi bat egin zen eta terreno zati handi bat lurrak eraman zuela kontatu du Gurutze Etxezabal alkateak. «Eremu horren beheko bidea konpontzeko eta ur kanalak estabilizatzeko obra batzuk egin ziren, baina terrenoan ezer egin gabe egon gara urtetan. Orain dirulaguntzak zeudela ikusita Tolosaldea Garatzenen Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planarekin lotuta, eremuari beste bizigarritasun bat emateko aukera ona zela iruditu zitzaigun».

Lur eremua Orexako herrigunearen ondoan dago, pilotalekuaren atzealdetik joanda. Sarbide errazeko eremua dela dio alkateak, «nahiz eta luiziaren ondorioz irisgarritasun egokia bermatzeko lan batzuk egin behar ziren». Malda handikoa da eta gaur gaurkoz ez du erabilera aktiborik. Lursailaren gainetik eta azpitik seinalizatutako bi ibilbide igarotzen dira; gainetik Beortealderako bidea –herriko hainbat ibilbidetan txertatuta dagoena–, eta azpitik GR1 ibilbidea.

Orexako Udalak 2022ko maiatzaren 17an aurkeztu zuen proiektua Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren planean, Tolosaldearen azpiegiturak aldaketa klimatikora egokitu eta zehazki erosioaren aurka babesteko neurriak ezartzea proposatu zen. Uda aurretik hasi ziren proiektua lantzen eta obrak apirilean amaitzea aurreikusi du alkateak. Proiektuak 67.609,96 €-ko aurrekontua du –BEZa barne–.

Eremua egonkortzea

«Lurra berrikustean, 900 metro koadroko eremu bat identifikatu da, lurzorua bera eta inguruak, prezipitazio handiek eta saturazio hidrikoak eragindako lur-mugimenduen eragina jasan duena eta jasateko arriskua duena», jakinarazi dute Tolosaldea Garatzenetik. Aboretoaren egonkortasuna eta ingurunearen segurtasuna bermatzeko, bioingenieritzako dikeak erabili dira.

Perimetro horretan, lursailera iristeko bideak ere luiziaren eraginak sufritu dituela gaineratu dute. Hortaz, bisitarientzat egokitzeko zein proiektu hau garatzeko materiala sartzeko bidea zabaldu eta leundu behar izan da. Horrez gain, bidearen zorua gogortu eta gaineko lurrari eusten dion paretan estabilizazio neurriak aplikatzea baloratu da.

Eremu honetan baso ekosistema bat sortuz, lurzoruaren erresistentzia eta egonkortasuna handitu, euriak eragiten duen gainazaleko higadura gutxitu eta hegalari egiturazko euskarri gehigarria eman zaio.

Horrez gainera, proiektuak beste hainbat helburu estrategiko biltzen ditu, besteak beste, klima aldaketaren eraginei aurre egiteko eremua egokitu eta indartzea; baso-ekosistema erresilientea sortzea, klima-aldaketari erantzuteko; Orexako ondare natural eta kulturala balioan jartzea, baso-mota tradizionalak berreskuratuz; bisitarientzako babesgune klimatiko bisitagarria sortzea, inguruaren interpretazioarekin lotuta; eta Orexa zero karbono herria izateko lehen mugarria izatea.

«Baso tematikoa»

Guztira 10 baso mota eta 450 landare landatuko dituzte. Tolosaldea Garatzenetik azpimarratu dutenez, «Orexako espezieek izango dute lehentasuna, baita karbono gehien xurgatzen duten espezieek ere». Landareek 1 eta 2 metroen arteko altuera izango dute, eta baso-mintegi espezializatuek hornituko dituzte. Baso mota bakoitzerako zuhaiztiek 500 metro koadro inguruko azalera izango dute batez beste.

Horrekin batera, Orexako baso ekosistema interpretatzeko panelak jarriko dira, Orexako basoen historia eta ingurugiroari ekarpena egiteko. Karbono isurketaz eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriek eta errelatoek izango dute lehentasuna. Landaketaz haratago, lanketaren sakontasuna oso kontuan hartu dute.

Gainera, horren azpialdean, GR1 ibilbidean bertan garai batean arropa garbitzeko erabiltzen zen arraska bat dagoela jakinarazi du alkateak, urarekin eta tokiko aktibitatearekin erlazionatutakoa. «Bertako estalpean kokatuko dira basogintza proiektuaren interpretaziorako panelak, eta tartean urak tokian eragindako erosioaren azalpenak ere». Gune horretan egokitze lanak egin dituzte, besteak beste, teilatua konpondu eta inpermeabilizatu egin dute eta barruko gunea panelak jartzeko egokitu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!