Aria taldeak kontzertua eskainiko du ostiralean, Orexan

Ataria 2026ko otsailaren 25a

Orexako ostiral kulturalen bueltan 'Aurrera begira' izeneko azken diskoa aurkeztuko du Aria taldeak, 22:00etan, ganbaran.

Iaz abiatu zuen bigarren diskoaren bira amaitzear du Aria taldeak. Orexa izango da Aurrera begira diskoa aurkeztuko duten azken herritako bat. Ostiralean emango dute kontzertua, 22:00etan, ganbaran.

«Guretzako kontzertu guztiak bereziak dira, estazio bakoitza ezberdina delako eta horietan konexio ezberdinak sortzen direlako. Orexa herriaz erreferentzia oso onak genituen eta gogo handia dugu bertara joateko, leku berezi eta goxo bat dela iruditzen zaigulako. Tolosaldean kontzertu ugari egin ditugu eta harrera oso ona jaso dugu beti, eta Orexara joateko gogotsu gaude», esan du Marina Landa abeslariak.

Aurrera begira

2023an Donostian sortutako musika taldea da Aria. Euskarazko pop kantak egiten ditu giro intimista bati ukitu elektronikoa gehituz. Proiektuaren atzean Landa kantautorea dago eta bere abestiei doinu eta forma berriak eman nahian, teklatuetan Iñaki Ortego, baterian Ion Larrañaga, gitarra elektrikoan Iñaki Olaskoaga eta baxuan Maialen Urretabizkaia batu zaizkio.

Urte berean kaleratu zuen Ariak bere lehen diskoa, Urdin. Azken lanarekin, aldiz, proposamen guztiz desberdin batean murgildu dira, popa, pop-rocka eta elektro popa uztartuz. Sei kantuk osatzen dute diskoa, eta onarpenaz, barne-indarraz, eraldaketaz, norbera izateaz eta desiraz mintzatzen dira kantuetan, besteak beste.

«Banoa kantak, adibidez, tratu txarrak jasaten dituen emakume baten istorioa kontatzen du. Dantzaren iraultzak ere mezu feminista dauka, baina Banoak pop-rock kutsua du soinu aldetik eta mezua ere gogorragoa da. Dantzaren iraultzak bide feminista horretatik jarraitzen du, baina abestia askoz alaiagoa da, kutsu elektronikoagoa ere badu eta mezua ere ikuspegi baikorrago batetik edo aldarrikapen batetik mugitzen da», azaldu du Landak.

Uharak, berriz, itsasora garamatzala adierazi du: «Metafora bat da, uhara itsasontziek ur azalean uzten duten apar zuria da, eta abestiak pertsona bat, proiektu bat edo amets bat irudikatzen du dagoeneko ez dagoena gurekin baina horren arrastoak, uharak bezala, beti gurekin jarraituko duela helarazten du».

Abesti bakoitzak bere identitatea duela azpimarratu du, baina kanta guztiak josten edo elkartzen dituen haria aurrera begiratzeko grina dela dio, «bizitzako testuinguru edo egoera desberdinetan bakoitzak duen errealitatetik ispilura tinko edo segurtasunez begiratzeko, sistema kapitalista eta produktibitatea gorantzen duen gizarte honetan neurriak hartzeko eta agian orainaldian bizitzeko, Il dolce far niente kantuarekin adibidez. Nire ustez hori ere bada parean dugun horri begiratzeko modua, azkenean sistemak edo gizarteak derrigortzat jotzen dituen jokabide batzuen kontra jotzea badelako gogoeta egitea, edonork bere erabakiak hartzea eta ez joatea tendentzien ohiko jokabide edo jarrera horien jarraitzaile sutsu bezala modu itsuan».

Ostiraleko kontzerturako gogotsu daudela aitortu du Landak, eta eskualdeko herritarrak bertaratzeko gonbita zabaldu du: «Guretzako musika egiteak zentzua du, batik bat, publikoarekin partekatu dezakegunean eta konexio oso ederrak sortzen direnean. Nire ustez musika sentiarazteko zerbait da, komunikatzeko zerbait, eta uste dut gizarte honetan askotan sentimenduak ez direla balioan jartzen, baina gure kontzertuetara etortzen direnek esaten digutenez, kanta batetik bestera gauza asko sentitzen dituzte eta sentimendu horiek aldatzen doaz, eta hurrengo kontzertuetara etortzen direnei horietaz eta musikaz gozatzera etor daitezela esango nien».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!