ELKARRIZKETA

«Herri proiektu baten parte sentitzen gara»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 7a

Leire Arana eta Beñat Leunda. A.A.A.

Bost ardi gazta mota ekoizten ditu Orexako Oihan Txiki kooperatibak; antzina herrian egiten zuten beste gazta bat berreskuratzeko lanean ari dira, besteak beste.

Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zuten Oihan Txiki kooperatiba Orexan. Euren artalde propioa dute —zeinak herriko lurretan egiten duen bazka— eta hainbat gazta mota ekoizten dituzte. Bertan esnea eraldatzen ia 20 urte daramatza Leire Aranak (Orexa, 1973) eta laster lau urteko beteko ditu Beñat Leundak (Orexa, 1991) proiektua kudeatzen. Bien artean kontatu dituzte jardunaren nondik norakoak.

Hau al da zuen lehen esperientzia esnekien arloan?

 

Leire Arana: Ni zuzenean hemen hasi nintzen, eta dagoeneko 19 urte daramatzat.

Beñat Leunda: Nire kasua pixka bat xelebreagoa da. Aurretik irakaslea nintzen; eta hemen hasi nintzen esnekien alorren. Hiru urte pasatxo daramatzat, eta lau beteko ditut laster.

Nolatan hasi zineten?

Arana: Semea jaio zenean hemen haurtzaindegi bat zegoen, eta, lanik gabe nengoenez, lanaldi erdiko jardunean hasi nintzen. Hortik luzatzen hasi eta... Orain arte [barrez].

Leunda: Kontuekin laguntzen hasi nintzen aurretik egiten zuenak utzi egin zuelako. Hasieran ordu batzuk egiten nituen, eta azkenean kudeaketan amaitu dut. Langile ia guztiak, bat izan ezik, orexarrak gara. Horrek ematen dio kooperatibari herrian sustraitze, eta herri zentzu hori. Herri proiektu baten parte sentitzen gara.

Hainbat gazta mota egiten dituzue.

Leunda: 2021ean hasi ginen gazta urdinarekin, HAZIrekin batera proiektu bat zegoelako. 2022an, berriz, pasta biguneko gaztarekin hasi ginen.

Arana: Orain Orexako gazta bat berreskuratu nahi dugu. Idiazabal motakoa zela uste genuen, baina adinekoekin hitz eginda konturatu ginen beste modu batera egiten zutela. Hura berreskuratu eta merkaturatu nahi dugu, baina oraindik probatzen ari gara.

Aldaketarik sumatu al duzue kontsumitzailearengan?

Arana: Mota askotako kontsumitzaileak daude: batzuk beti berdina nahi dute; eta beste batzuk —gazteek-eta— gauza berriak probatu nahi dituzte. Batik bat gazteen aldetik nabaritzen da gauza berriak probatzeko gogoa.

Leunda: Badira betiko gazta erosten dutenak, zapore indartsuagoak gustatzen zaizkienak... Gazteengan nabaritzen da aldaketa handia, eta urdinarekin nabaritu dugu hori. Probak egiten hasi ginen eta dagoeneko saltzen ditugu kilo batzuk. Anekdota bezala: lehen ez zen gaztarik ontziratzen eta, orain berriz, dena ontziratzen da. Gero eta formatu txikiagoak bilatzen ditu jendeak... Baina joera orokorrak direla esango nuke.

Horietara egokitu egin beharko zarete, ezta?

Leunda: Lehen ontziratzeko makina ez zen erabiliko, eta orain lanean pasatzen du egun guztia.

Arana: Lehen, jendeak gazta osoa erosteko ohitura handiagoa zuen. Baina gaur egun... Oraindik mantentzen dira batzuk, baina gutxiengoa dira; gehienek puska txikiagoak erosten dituzte.

Leunda: Familia eredua ere aldatu da... Kontsumoa txikiagoa dela esango nuke. Baina, egia esan, ez dugu kexarik. Beti sariez-eta hitz egiten dugu, baina saririk onena da kontsumitzailea behin eta berriz zuregana etortzea.

Arana: Zaila da lehen sektoretik bizitzea; eta gero eta nabarmenagoa da hori. Aldatzeko gauzak egiten ez diren bitartean... Okerrera egiten jarraituko du.

 

Euskal Esnekigileen Elkartearen arabera, EAEko etxe guztietan jaten da gazta, eta hamarretik bederatzik ez du bertakoa aukeratzen.

Leunda: Ez dakit hamarretik bederatzik ez duen aukeratzen edo ez duen aukerarik bertakoa erosteko. Elikadura burujabetzari begiratzen badiogu, hemengoa kontsumitzeko aukera oso murritza da. Euskal Herrian sekulako zortea daukagu ekoizle asko ditugulako, baina errentagarritasun falta dagoen bitartean, eta lehen sektorea behera doan heinean, gero eta zailagoa izango da bertako produktuak eskuratzea. Hori ere balioan jarri beharko litzateke.

Elkarte beraren arabera, herritarren % 82k adierazi du prest legokeela gehiago ordaintzeko gazta bategatik, baldin eta nola ekoitzi duten ezagutzen badu.

Arana: Bai? Ez nekien hori.

Leunda: Kontsumitzaile asko egon daitezke prest produktu bategatik gehiago ordaintzeko, baldintza batzuk betetzen baditu. Baina gero poltsikoak asko estutzen gaitu guztiok, eta erabaki horiek ez dira hain errazak. Gu saiatzen gara neurtzen prezioa ahal den egokiena izan dadin, baina proiektuaren bideragarritasuna ere bermatu behar da. Ahalik eta jasangarrienak izaten saiatzen gara, eta ekonomia zirkularra ahalik eta gehien sustatzen.

Babesik sentitzen al duzue?

Arana: Bertako kooperatiba garen unetik, herrian babesten gaituzte. Izatez, esango nuke herriak bere sari gisa bizitzen dituela guk eskuratu ditugunak ere.

Leunda: Udaletxea aspalditik da proiektuaren parte, eta horrek ere eragiten du. Baina beste instituzio batzuez hitz egin beharko bagenu... Beste hitz batzuk erabili beharko genituzke. Diru laguntzei esker bizi da jende asko lehen sektorean, eta horiek pixkanaka jaisten ari dira.

Arana: Eta eskakizunak handitzen.

Leunda: Gero eta tramite burokratiko gehiago daude, eta sekulako lan karga dira. Itogarria izateraino ia. Denbora asko eskaini behar zaio lan mota horri, eta ez da erraza. Guretzat zaila bada, txikiagoentzat... Are gogorragoa izango da.

Esneki eta halako azoka bereziek zein eragin dute tokiko ekoizleengan?

 

Arana: Nik uste gure produktuak erakusteko eta jendearengana iristeko aukera direla. Gertutasun handia emateko aukera politak dira, bezeroa bertatik bertara ezagutzen duzulako.

Leunda: Egia da ez daukagula ohitura handirik halakoetara joateko, baina eskerrak eman behar dizkiegu antolatzaileei, azkenean, erakusleiho bat eskaintzen digutelako merkatuaren eta lehiaketaren bitartez. Hala ere falta zaigu guztion artean bultzadatxo bat ematea, ez dadin izan egun bakarrean geratzen den ekitaldi zehatz bat; zerbait jarraikorra baizik.

Non dituzue produktuak salgai?

Leunda: Idiazabal asko ekoizten dugu: urtean 40 tona inguru; eta kantitate hori ateratzeko supermerkatuetara jotzen dugu. Esan beharra daukagu, hala ere, guretzat benetan garrantzitsuak bertako dendak direla: harategiak, denda espezializatuak, inguruko denda txikiak... Balio handia ematen diegu haien lanari, jabetzen garelako hor ere badirela joera aldaketa batzuk, eta lehen sektorea, agian, ez litzatekeelako jasangarria izango haiek gabe.

Arana: Denda txikiak hasiera-hasieratik egon dira gurekin. Badira duela 30 urte gurekin hasi eta gaur egun jarraitzen dutenak, eta fideltasun hori ere txalotzekoa da.

Leunda: Eta Orexako Ostatua ere aipatu beharra daukagu. Guztiok ulertzen dugu ostatua eta gu proiektu beraren parte garela, eta erakusleiho onena da guretzat, zalantzarik gabe.

Erlazionatuak

Arrakasta gatzatu nahi

Aitor Arroyo Askarai aza 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!