Sei urte dira Orexako Ostatuan Ostiral Kulturalak antolatzen hasi zirela. Herri txikietan ere kultur eskaintza bat bermatzeko helburuarekin hasi ziren askotariko emanaldiak antolatzen, eta arrakasta handikoak izan dira orain arte. Hilero, normalean, hileko azken ostirala baliatzen dute kultur emanaldi bat antolatzeko ostatuko ganbaran eta, aurrera begira, horretan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Eneko Maioz eta Pello Garmendia ostatuko arduradunek.
Hausnarketa bat abiatu dute datorren urteari begira. Hain maiz antolatu beharrean, tarte handiagoarekin ekarri nahi dituzte proposamenak Orexara. «Uda eta negu izan, hilero-hilero antolatu izan ditugu emanaldiak eta, zenbait urte sasoitan, uda partean edo Eguberrien bueltan, adibidez, ekitaldiak egutegian txertatzea kosta egin izan zaigu. Zer esanik ez festetan edo asteburu kulturalean. Hileko azken ostirala segituan iristen da, konturatzerako, eta ez da erraza hilero jendea mugitzea», azaldu du Maiozek.
Orexarrengan pentsatuta antolatzen dituzte ostatutik emanaldiak eta, behin herrian zerbait antolatuko, eta haiek ere agertzeko konpromisoa sentitzen dutela uste dute ostatuko arduradunek: «Gustura etortzen dira, baina zenbait garaitan pisuegi ez ote zaien egiten, hori da gure susmoa. Ikasturtean erraz gerturatzen dira, baina opor garaian edo inguruan beste ekitaldiak dauden garaian, nekezagoa egiten zaie. Hori zaindu nahi dugu, horregatik hasi dugu hausnarketa, ekitaldiak tartekatuago antolatzeko». Formula berritua pentsatzen ari diren honetan, data egokiagoak aukeratzen saiatuko direla aipatu dute antolatzaileek: «Urtea bukatu aurretik bizpahiru gehiago egin eta hurrengo urtera begira planteamendu berritua egingo dugu».
Ostiralak aukeratu dituzte hasiera-hasieratik, astegun egokia iruditu zaie horrelako emanaldietarako. «Asteburu atarian, jendea oraindik gehiegi mugitzen ez den eguna da, eta ostatuari begira, ostiralak aukera ematen zigun afaltzera zetorren jendeari plan osatuago bat eskaintzeko», dio Maiozek. Sei urteren ondoren, etorkizunean ere eutsi nahi diote ostiralari.
Publikoaren berotasuna
Beti-beti, hutsik egin gabe gerturatzen direnak herrikoak dira, baina gonbidatzen dituztenen araberakoa izaten da askotan publikoaren erantzuna: «Artista hemen ingurukoa bada, eta ez hain ezaguna, antzematen dugu nola haren ingurukoak gerturatzen diren babesa ematera. Horiek jende asko mobilizatzen dute. Guretzako ederra da hori. Gutxien espero duzunak erakartzen du askotan jende gehien».
Artistak gertuko jatorria izatea eta hasiberria izatea dira urteotan erabili izan dituzten irizpideetako bi kultur proposamenak aukeratzerako orduan. «Orexa plaza ederra da lehenengo aldiz aritu nahi duten artistentzako. Zailen daukatenei aukera bat eskaintzea bada herri txikiko herritar bezala sentitzen dugun konpromisoa». Gainerakoan, lurraldetasuna, generoa eta kultur proposamenaren dibertsitatea ere aintzat hartu izan dituzte egitaraua osatzerakoan: haurrentzako emanaldiak, antzerkia, bakarrizketak, musika...
Txiki, Gilda, Nahiez, Trigger, Iraia Cambra, Katiuska antzerki taldea... askotarikoak dira urteotan euren proposamena aurkeztu dutenak Orexako Ostatuko ganbaran. «Toki aproposa da, goxoa, bildua, ganbara izateak eta egurrezko egiturak bistan edukitzeak berotasuna ematen diote. Etorri den jendeari asko gustatu izan zaio, akustika ere dezente ona du eta denek azpimarratzen digute aretoak duen xarma. Gure indargunea da ganbara», nabarmendu du Maiozek. Aretoaren sonorizazioa egiteko herritar baten laguntza izaten dute, eta ostatuko arduradunek estimatzen dute orexarrek laguntzeko agertzen duten prestasuna. «Jende hori gabe ez litzateke mantenduko horrelako apustu bat».
Berotasuna du aretoak eta bertaratzen den publikoak «bero» hartzen ditu artistak. Horregatik, urteak pasa ahala, artistek Orexako Ostatuko ganbara erreferentziatzat hartzen joan direla aipatu du Maiozek: «Lehen gu joaten ginen atzetik, hau eta hura gonbidatuz eta orain artistak beraiek dira guri deika aritzen zaizkigunak, hemen aritu nahi dutela esanez. Prestigio pixka bat lortu du. Ohorea da hori guretzat». Zerrenda luzea dutela aitortu dute ostatuko arduradunek.
Eneko Maioz: «Lehen, atzetik gu genbiltzan, eta orain, deika aritzen zaizkigu. Prestigio pixka bat lortu du hitzorduak»
Sortzaileentzat plaza duina
Ostatuko arduradunak saiatzen dira, euren ahalmenaren barruan, artistei baldintza duinak eskaintzen. Egiten ari diren hausnarketa prozesuaren gakoetako bat da alde ekonomikoa ere. «Gurea bezalako herri batentzat ahalegin ekonomiko handi xamarra da hilean behin gisa honetako ekitaldi bat antolatzea, eta aurrerantzean horrek ere baldintzatu dezake hileroko maiztasuna. Ez da berdina urtean hamabi ekitaldi antolatzea edo zortzi. Dena den, gure filosofia argia da: ordainsari bat ezarria dugu eta diru kopuru hori eta ostatuan afaria eskaintzen diegu artistei. Guztiei berdina. Talde edo sortzaileek bizi duten momentuaren arabera, haientzat Orexakoa plaza egokia izan da daiteke, edo ez. Kontziente gara horretaz eta gure txikitasunetik, gure baliabideekin ezin dugu hori aldatu. Gaur etortzeari uko egin, baina hurrengo batean hemen aritzeko prest agertu daitezke. Momentuan asmatzean dago gakoa. Denetariko kasuak izan ditugu, dohain jotzeko prest agertu zaizkigunak ere bai, afariaren truke hemen aritzeko pronto zeudenak. Guk denei adierazi diegu diru bat gordeta daukagula ekimen horretarako, eta badagokiela hori jasotzea, duin aritzea». Koherentziaz jokatzen saiatu direla aipatu du Maiozek, eta hori ere badela euren «identitate zeinua».
Izen handiko artistak izan dira urteotan Orexan, eta horretan jarraitzeko asmoa dute baita datozen urteetan ere. Datorren ostiralean, urriaren 3an, adibidez, Jurgi Ekizak bere bakarkako Argitzala diskoa aurkeztuko du ostatuko ganbaran.
«Sortzailea askorentzat hemen eskaintzen duten emanaldia aitzakia da Orexa ezagutzeko; hona iristen diren lehen aldia izaten da askorentzat. Hemen eman diegun tratuarekin konforme geratu eta askok esaten digute itzuliko direla bisitan beste batean etxekoekin», aipatu du Maiozek. Euren herriaren irudia zabaltzeko eta ezagutzera emateko balio du baita ere Ostiral Kulturalak ekimenak. «Aitzakiarik ez da behar Orexara etortzeko, guk jendea eskuzabalik hartzen dugu beti, baina jendea erakartzeko amu polita da hilean behingo hitzordua».
Makro-jaialdi eta emanaldi jendetsuen garaiotan, Maiozen ustez, herri txikietan bestelako eredu «gertukoago bat» bermatzeko eta sortzaileei beste zirkuitu bat eskaintzeko aukera ematen du antolatzen duten ekimenak. «Fama, momentuko arrakasta horretatik aldendu behar dugu eta aukerak emateko gaude gu, badugu zeresana herri txikiok». Munduan norabidea aldatzeko bidea, bai, Orexan hasten da.
URRIAREN 3AN, JURGI EKIZA
Jurgi Ekizak Argitzala bakarkako lana aurkeztu berri du eta Orexan, Ostiral Kulturalaren barruan aurkeztuko du, urriaren 3an, 22:00etatik aurrera. Musikari lapurtarrak adierazi duenez, azkenaldian bizi izan dituen emozioak libratzeko sortu du diskoa.
Willis Drummond-eko kantari eta gitarrista izandakoak, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatu du bere bakarkako bigarren lana prestatzeko. «Ideia zen azpimarratzea kasik gauza guzietan ez dela alde zuri bat eta alde beltz bat. Usu gauzak gehiegi sinplifikatzen ditugu, eta ohartzen zara gauzak lausoagoak direla, ez direla alde batean ala bestean kokatzen», aitortu du musikariak bere azken lanaz hitz egiterakoan.
Modu berezi batean aurkeztuko du jendaurrean, Orexan: bakar-bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina, bestetik, beste batzuk modu apainduago batean proposatuz.
Disko berria zuzenean gozatu eta bizitzeko aukera izango da, baina baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko ere.

