Iñaki Dorronsorok lehen eleberria aurkeztuko du, Orexan

Ataria 2025eko uztailaren 7a

Iñaki Dorronsoro Maioz, bere lehen eleberria eskuartean duela. HITZA

Iñaki Dorronsoro idazleak bere lehen eleberria kaleratu du: 'Azpijoko Azpiazun'. Lapurretak, ustelkeria eta lagun baten hilketa ditu ardatz nagusiak. Orexako ostatuko ganbaran aurkeztuko du ostiralean, 22:00etan.

SINOPSIA

«Ate kolpeek esnatu ninduten. Enkajezko gortinatik sartzen zen argia ikusita, artean iluna behar zuen, farola bakartiak eta neoizko argiak bakarrik esna, kaleetan. Beno, eta atea gero eta gogorrago jotzen ari zen kondenatua». Honela hasten da esku artean duzuen kasua. Lapurretak, ustelkeria, lagun baten hilketa eta galipotezko kafe beroa, osagai nahikoa abentura ilunenetarako: zer ari zaio gertatzen Azpiazu auzoari? Isiltzen ez dakien kazetari bat eta detektibe zaildua, hauexek izango dituzue bidaide. Miren eta Alfontso. Alfontso eta Miren. Jantzi sonbreirua, hartu ohar bloka eta murgil zaitezte gurekin kale ilunetan, arratoien eta kriminalen artean, estolda zuloaren amaieraren bila. Ongi etorri gure hirira, populazioa: atzokoa ken bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!