Itzalaldia gertatu zenetik, hau da, apirilaren 28tik estaldurarik gabe egon dira Orexan. Zazpi asteren ondoren, gaur konpondu dute matxura, eta orexarren sakelakoetara estaldura itzuli da berriro.
Herrian estaldura zabaltzeko ostatuko teilatuan antena bat jarri zuen udalak duela hamar urte inguru. Antena horrek zuntz optikoaren seinalea hartzen du, anplifikadore baten antzekoa da, eta 3Gren bidez sortzen du seinalea. Bada, antena hori matxuratu egin zen itzalaldian, eta behin eta berriro egin dute hura konpontzeko eskaera. Teknikaririk ez da joan, ordea, zazpi astetan, eta arazoak bere horretan jarraitu du.
Hori ikusita, sare sozialetan eta prentsan salatu dute egoera, eta antza erantzuna izan du, gaur bertan konpondu baitute arazoa. Orexako Energia Berriztagarrien Komunitateko (EBK) lehendakaria den Eneko Maiozek adierazi duenez ezustean hartu dute: «inork espero gabe, gaur goizean itzuli da estaldura sakelakoetan, eta ez da teknikaririk behar izan matxura konpontzeko». Arazoa konpontzera teknikaririk joan ez izana are eta harrigarriagoa dela esan du Maiozek: «Urrunetik konektatuta gaur konpondu ahal izan badute, zergatik ez dute zazpi astetan egin, hori da harritzekoa».
Orain Orexako Udalak Movistar konpainiarekin hitzarmena berritu asmo dutela azaldu du: «horrelako arazoaren bat errepikatzen bada, azken asteetan gertatu dena ez errepikatzea da helburua».
Eneko Maiozek eskerrak eman dizkie, orexar guztien izenean, euren arazoa zabaltzen lagundu duten guztiei, «zuek gabe arazoa ez zen konponduko».