Orexara igo orduko estaldura arazoak hasi dira; mobilean agertzen diren estaldura marrak lautik batera jaitsi dira. Plazara iristerako «Ez dago sare konexiorik. Larrialdi deiak soilik» mezuak agertu dira pantailan. Hori da azken zazpi asteetan herritarrek jasan behar duten egoera Orexan. Izan ere, apirilaren 28an egon zen itzalaldiaz geroztik, sakelakoan estaldurarik gabe daude.
Duela hamar urte inguru udalak ostatuaren teilatuan instalatu zuen antena, zuntz optikoaren seinalea hartzen duen anplifikadore baten antzekoa da, eta 3Gren bidez sortzen du seinalea. Gurutze Etxezabal alkateak azaldu duenez, azpiegitura horrek arazo teknikoak izan zituen iraganean ere, baina beti denbora gutxian konpontzen zituzten. Hala ere, mantentze lanen konplexutasun teknikoa zela eta, udalak Movistar konpainiari eman zion kudeaketa, eta, ordutik, Movistar arduratzen da zerbitzuaz eta mantentze lanez.
Udaletik behin eta berriz eman dute matxuraren berri, baina konpainiak ez die irtenbiderik eskaini eta ez die teknikaririk bidali ere. «Antena matxuratu zenean zerbitzu teknikoari deitu behar izan genion eta gurekin harremanetan jarriko zirela esan ziguten, baina hori ez da horrela izan, eta pauso hori egunero errepikatu behar izan dugu», azaldu du alkateak. Izan ere, egunero teknikari ezberdin batekin jarri behar izan dute harremanetan, arreta ez baita zuzenekoa; operadore edo online bidez egin behar izaten dituzte tramiteak eta behin eta berriro errepikatu behar izaten dituzte horiek.
Pare batetan, ordea, intzidentzia bertan behera gelditu dela kontatu du alkateak, «ez delako urgentziazkoa edo lehentasunezkoa Movistarrek konpontzeko», eta egoera honen aurrean desesperatuta daude, «ez dakigula zein ate gehiago jo». Hala, herenegun, Orexako Energia Berriztagarrien Komunitateko (EBK) lehendakaria den Eneko Maiozek herrian bizitzen ari diren egoera salatu zuen X plataforman: «Movistarrek Orexako herria sakelakoan estaldurarik gabe dauka zazpi astez».
«Fibra optikoa badago, etxeko telefono fijoa badago, baita interneta ere, baina urgentzia bat gertatzen bada ezin da kobertura bidez familiar bati deitu, 112ra deitu behar da zuzenean», azaldu du alkateak. Izan ere, Orexan bakarrik bizi diren adineko pertsona ugari daude, «eta estutasun egoera batean horiek ez daude seguru», azpimarratu du. Horregatik, zazpi astetan inongo berririk gabe izatea ez dela onargarria gaineratu Maiozek. Dozenaka eskaera eta kexa luzatu dituzte geroztik, baina Movistarretik ez diote herritarren eskariei jaramonik egiten eta Orexarren eskaera erraza da: «Etor dadila teknikari bat antena konpontzera».
HERRI TXIKIA
Eskualdeko herri txikienetako da Orexa, 110 biztanle inguruz osatua. Udaletxea, eliza, pilotalekua eta ostatua ere badu. Azken horretan dabil lanean Mikel Iturrioz tolosarra. Astean zehar zerbitzari lanetan dihardu bere aitonaren herriko ostatuan. Oraindik ez du gidabaimenik eta, normalean, Orexara iristeko autobusa hartzen du, baina orain ezin du. «Orexa herri txikia denez, autobusa ez da maiztasun handiarekin igotzen hona, eta herritarrak dira autobusari deitu behar diotenak. Orain, estaldurarik gabe hori ezinezkoa da eta nire arreba aritzen da joan-etorrian nirekin», azaldu du.
Orexa herri lasaia dela aitortu du, «eta orain kobertura gabe are eta lasaiagoa». Halere, horrek ere baditu bere alde txarrak Iturriozen ustetan: «Erreserbak egiteko izugarrizko arazoak izaten ditugu, deiak ez baitira sartzen edo konexioa behin eta berriro galtzen dugu bezeroekin». Ostatuaren ondoan dagoen baranda, ordea, mobilean agertzen diren «estaldura marratxo bat» lortzen dela dio Iturriotzek, eta urgentziazko zerbait egin behar duenean bertatik egiten du. «Ez da batere erosoa behin eta berriro irten behar dudalako ostatutik, baina tira, momentuz hala beharko du».
KOOPERATIBA
Duela urte batzuk abeltzaintza zen nagusi Orexan, baserri ugarik ziharduten horretan. Egun, ekonomikoki pisu handia du herrian Oihan Txiki Kooperatibak. Orexako gazta eta mamia egiten dituzte bertan, besteak beste, eta hornitzaile zein bezeroekin harremanetan jartzeko arazo ugari izaten dituztela azaldu du Beñat Leunda kooperatibako kideak: «Telefono finkoa badugu, baina gaur egun harreman gehiena hornitzaile eta bezeroekin mugikor bidez egiten dira eta haiekin harremanetan jartzeko asko eragin digu egoera honek».
Kooperatibatik bi kilometrotara arditegia daukate, eta hango langileekin harremanetan jartzeko arazoak ere izan dituzte azken aste hauetan. «Momentuz ez da arazorik izan bertan, baina egunen batean urgentziaren bat gertatuz gero, ez ginateke horretaz ohartuko», gaineratu du.
Arazo okerrena, ordea, itzalaldian izan zutela kontatu du Leundak: «Argia joan zen egunean ez genuen lanik egin, argia 20:00ak aldera bueltatu baitzen Orexan, eta egun horretan 900 litroko upela berotzen ari zen eta ezin izan genuen berotu horrek behar duen tenperaturan eta egun horretan elaboratu zen gazta gaizki geratu zenez, bota egin behar izan dugu».
AZKEN ORDUAK
Atzo izan zuten Movistarrekin azkeneko deia. «Teknikoa atzo arratsaldean pasako zela baieztatu ziguten, eta arratsalde osoa itxaroten egon ostean, ez zen inor agertu», kontatu du alkateak. Zalapartaren ondoren ere berdin jarraitzen dute Orexan. «Orain ez badugu erantzunik jasotzen beste instituzio batzuei laguntza eskatu beharko diegu edo beste ate batzuk jotzen hasi beharko ditugu. Ezin dugu egoera hau gehiago mantendu», esan du.