Oilarra jaitsi eta hasi da festa

Ataria 2025eko maiatzaren 2a

Igandera bitarte, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute orexarrek.

Hasi dira Orexako jaiak. Ohi bezala, oilarraren jaitsierak iragarri du festen hasiera. Seietako kanpaiak jotzearekin batera hasi da oilarra elizako kanpandorretik jaisten, eta ordurako herritarrak udaletxearen bueltan elkartu dira. Udaletxeko balkoira iritsi bitarte suziriak bota dituzte, eta behin balkoira iritsita azken suziriak eman die jaiei hasiera, herritarren txalo artean.

Patata tortilla txapelketak jarriko du saltsa arratsaldean zehar, eta txapelketa amaituta tortillak baliatuko dituzte afari-merienda egiteko. Gauean, berriz, Muxutruk erromeria taldeak girotuko du herria.

Bihar eta etzi ere, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera dute Orexara gerturatzen direnek:

Maiatzak 3, larunbata

  • 11:00. Hamaiketakoa: Urdaiazpiko eta txakolin dastaketa.
  • 18:00. Herriko auzoen arteko apustua.
  • 19:00. Imanol eta Iñaki trikitilariak.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 00:00. Oilar Beltzak taldearekin dantzaldia. Goizaldera, gosaria.

Maiatzak 4, igandea

  • 11:00. Haurrentzako puzgarriak.
  • 11:00. I. Orexako artisau azoka.
  • 18:00. Herri kirol erakustaldia. Aizkoran: Ibai Soroa eta Julen Kañamares. Harri jasotzen: Estefania Etxebeste eta Olaia Esnaola.
  • 19:00. Sagardo dastaketa. Ondoren, oilarraren igoera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!