Mingaina zorroztuz

Leyre Carrasco 2024ko azaroaren 4a

Ana Goitia kazetari eta umoregile lekeitiarrak Katana izeneko bere lehen bakarrizketa luzea aurkeztuko du ostiralean, 22:00etan, Orexako Ostatuko Ganbaran.

Asko dira umorea egiten duten emakumeak, baina zenbatek jarraitzen dituzte? Beatriz Egizabal umoregileak adierazi bezala, «emakumeak umore asko egin du, sufrimendu asko jasan duelako. Baina pribatuan, emakumeen artean egin izan du. Publikoaren aurrean egitea gizonen eremua izan da beti».

Emakumeari seriotasuna eta zintzotasuna eskatu izan zaio betidanik. Emakume batek umorea egiteko feminitatearen rolarekin apurtu behar du. Alde guztietatik jasotzen ditugu mezu matxistak. Emakumeei beti maila altuena eskatzen zaie. Egizabalen ustez «gizon bakarrizketatzaile oso txarrak» daude baina aretoetan funtzionatzen ari dira; emakumeak, aldiz, oso onak dira eta asko borrokatu behar izan dutenak.

Horren adibide da Ana Goitia. Emakume bat oholtza gainean umorea egiten. Emakume umoregilea, bere egunerokotasunetik sortutako gaiak umorez aireratzen. Horixe da motzean Goitiak ostiralean Orexan aurkeztuko duen Katana bakarrizketa, eta horren inguruan aritu zaigu gaurko saioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!