ELKARRIZKETA

«Energia eta potentzia naiz, eta ez dut beldurrik»

Leyre Carrasco 2024ko aza. 4a, 07:59

Ana Goitia 'Katana' bakarrizketaren promoziorako irudian. BARREMAN

Ana Goitia kazetari eta umoregile lekeitiarrak Katana izeneko bere lehen bakarrizketa luzea eskainiko du azaroaren 8an, 22:00tan, Orexako Ostatuko Ganbaran, Kultur Hamabostaldiaren barruan.

Telebistako platoetatik antzokietara egin zuen salto Ana Goitia (Lekeitio, 1981) kazetari eta umoregileak duela lau urte Barre Librea saioan, eta geroztik umorearen munduan murgilduta dabil. Hamabost minutu ingurukoak izan dira orain arte sortu dituen bakarrizketak, baina Katanak ordubeteko iraupena du. Ikuskizunean argi hitz egingo duela azpimarratu du, ikuslea kritikara eta hausnarketara gonbidatuz.

Lehen bakarrizketa luzea aurkeztuko duzu. Prest zaude?

Ez pentsa. Nik uste egunean bertan ere ez naizela prest egongo. Duda bat naiz, uneoro hau ondo egongo den edo ez aritzen naiz pentsatzen, baina ni horrelakoa naizelako. Agian, goizean zerbait ondo dagoela ikusten dut, baina gero eguerdian aldatu egiten dut. Prest nago sekulako gogoa dudalako proiektu berri honi hasiera emateko. Momentura arte asko inprobisatuko dudala uste dut, gidoia ez baitut guztiz itxita.

Zergatik 'Katana'?

Antton Telleriaren buruan sortu zen izena. Anttonek nik baino askoz ere buru hobea dauka, inteligentzia handiagoa du, eta bera ibili zen bueltaka bakarrizketaren izenarekin. Buelta asko eman eta gero, Anttonek esan zidan 'Katana' jartzea pentsatu zuela eta niri asko gustatu zitzaidan. Batetik, nire izena daramalako, Ana, eta bestetik, kata bat bezalakoa naizela uste dudalako. Alegia, nire mingaina nahiko zorrotza da bakarrizketak egiten ditudanean oholtza gainean, eta uste dut katanak asko definitzen duela nire bakarrizketa egiteko era hori.

 

«Nire mingaina nahiko zorrotza da bakarrizketak egiten ditudanean oholtza gainean, eta uste dut katanak asko definitzen duela nire bakarrizketa egiteko era hori»

 

Zeren inguruan ariko zara?

Nire esperientziak eta bizipenak kontatuko ditut, nik sentitzen dudana eta gertatzen zaizkidan gauzen inguruan ariko naiz, lehen pertsonan, eta gizartea nola ikusten dudan ere azalduko dut. Nire bizitza anekdota bat da, gauza ugari gertatu zaizkidalako bizitzan zehar. Beraz, hortik abiatuko naiz, baina bestalde, hausnartzera eraman nauten gai asko jendearen aurrean jarriko ditut barrea sortzeko, nahiz eta errealitatean denok horiek egiten ditugun, eta hori ere erakutsiko dut. Horregatik, ikusleak kritikara eta hausnartzera eramango ditut.

Zeintzuk izango dira ukituko dituzun gaiak zehazki?

Adinaren kontuen inguruan arituko naiz, izan ere, 43 urte bete berri ditut eta, esaten dutenez, 40 urtetik aurrera krisia hasten da. Gurasoa naiz eta guraso izateari buruz ere hitz egingo dut. Egunerokotasunean emakumeok jasaten dugun matxismoaz ere ariko naiz, eta orokorrean egunerokoan pairatzen ditugun gaien inguruan mintzatuko naiz. Gauza artifizialak eta tontakeriak izango dira, baina niri grazia handia egiten didaten gaiak dira. Musikak leku handia izango du bakarrizketa guztia zehar, musika izugarri gustatzen zaidalako eta nire bizitza delako.

Horiekin zein mezu helaraziko dituzu?

Helarazi nahi dudan mezua zein den jakiteko onena bakarrizketa ikustera joatea da. Baina esango dizuten gauza bakarra izango da bertan esango ditudan gauza asko hausnartzera eramango gaituztela. Izan ere, askotan, gauza asko ohartu gabe egiten ditugu, automatikoki, eta ez gara konturatzen horren atzean zer dagoen. Horregatik uste dut batzuetan norbait gerturatu behar zaizula begiak guztiz zabaltzera eta horren eraginaz ohartzera, eta hori egingo dut nik umoretik.

Zaila egin zaizu bakarrizketa luze bat eraikitzea?

Zaila ez zait egin, gai zerrenda bat prest nuelako, eta gainera, nik asko hitz egiten dudalako. Zaila zeren inguruan hitz egingo dudan aukeratzea dela iruditzen zait, eta ideia horiek ordenatzen eta bideratzen jakitea da. Blokeo momentu batzuk izaten dituzunean oso zaila izaten da, baina gero aurrerago ateratzen da.

Zer izan behar du bakarrizketalari batek?

Bakarrizketa egiten dugunok komunikatzaile onak izan behar dugu. Ordubete egitea ez da zaila, baina beldur eta errespetu handia diot. Ordubete nik erraz hitz egin dezaket, baina ordubete horretan grazia egin behar duzu. Negarrarazi egitea erraza izaten da, baina barre egitea zaila. Pentsa, lehen minutuan ez baduzu feeling-a izaten publikoarekin, ondoren ordubetean egon beharko duzu publiko horrekin. Horregatik errespetu handia ematen dit, baina baita beldurra ere. Nik testua sortu dut, baina hori ez bada gustukoa? Hori da zaila.

Zu konforme zaude gidoiarekin?

Egun batzuetan irakurtzen dut eta ondo dagoela uste dut, baina beste egun batzuetan kontrakoa gertatzen zait. Hori ere nire izaeraren gauza da eta unearen arabera aldatzen noa. Askotan esaten den bezala, eguzkia ateratzen denean ondo eta euria dagoenean okerrago.

Umoregile bakoitzak bere xarma du, zuk erreferenterik duzu?

Euskal Herritik kanpora begiratuta, Silvia Abril izugarri gustatzen zait, baita Buenafuente eta Goyo Jimenez ere. Euskal Herrian, berriz, Antton Telleria eta Mirari Martiarena ditut gogoko. Ez diot begia botatzen nola egiten duten, eta nik uste horregatik estilo propioa dudala. Nahiko gardena naiz, argi eta garbi hitz egiten duena eta gauzak diren bezala esaten dituena. Momentuan hitz nahiko fuerte bat bada ere bota egiten dut, eta hortik dator ere 'Katana', gauzak diren bezala esaten ditudalako.

Telebistako platoetatik antzokietara egin zenuen salto. Nola hasi zinen mundu honetan?

Barre Librea programako lehen saioa 2020an egin genuen. Horren ostean, Arrasateko gaztetxean bakarrizketa saioak egiteko eskatu zidaten eta hor konturatu nintzen nik horrekin jarraitu nahi nuela. Hortik bi urtera Anttonek [Telleria] deitu zidan esanez bakarrizketalari batzuk batu nahi zituela Tolosako elkarte batean, eta hor herriz herri hasi ginen gutxi batzuk horretan. Tartean izan nintzen Antton Telleria, Julen Portillo, Jon Plazaola eta Maria Blancorekin, besteak beste. Hortik sortu zen ere Katana, hor konturatu bainitzen nire bakarrizketa propioa egin nahi nuela. Alegia, umoregile eta umorea egiten duten askok euren bakarrizketa propioa dute, eta nik ere hori egin nahi nuen. Gainera, Euskal Herrian ez daude bakarrizketak egiten dituzte emakume umoregile asko. Beraz, horri buelta ematen hasteko momentua hor agertu zitzaidan, eta horrela hasi zen dena.

Beraz, umoreak maskulino izaten jarraitzen du?

Pila bat. Zorionez, emakume gehiago daude, eta hemen, Euskal Herrian gutxinaka geroz eta gehiago ari dira animatzen mundu honetara. Esaterako, Maria Blanco, Ane Lindane eta Idoia Torregarai urte asko daramatzate eta niretzako eredu dira. Maialen Sorzabalbere ere hor dago, baita Esti Curiel eta Nerea Garmendia ere. Hala ere asko falta da egiteko. Telebistan, esaterako, umorezko programetako gehiengoa gizonezkoa izaten da. Eta hori zergatik? Beti pentsatu izan dugulako gizonezkoek emakumezkoek baino grazia gehiago egiten dutela, baina hori txorakeria bat da. Emakume asko orain atera dira estatu mailan, baina asko falta dira oraindik. Gizonezkoak askoz gehiago daude, horregatik, emakumeak behar ditugu komedia egiten eta jendeak horretan sinistu behar du. Matxismo horrekin bukatu behar dugu.

 

«Emakumeak behar ditugu komedia egiten eta jendeak horretan sinistu behar du. Matxismo horrekin bukatu behar dugu»

 

Momentuz, zuri, beste askori bezala, oholtzak konkistatzen ikusiko zaitugu, eta oraingo honetan argi hitz egingo duzula diozu. Nolako Ana Goitia ikusiko dugu oholtza gainean?

Ni naizen bezalako Ana. Ni horrelakoa naiz. Ez dakizu nondik aterako naizen, inprobisatzailea, energia askokoa, argi eta garbi hitz egiten duena, ez duena inongo lotsarik gauzak esateko eta hitz finak ez erabiltzeko. Energia eta potentzia naiz, eta ez dut beldurrik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!