Irudi, eskultura eta olerkiz osatutako erakusketa zabaldu dute Orexan

Ataria 2024ko urriaren 22a

'Adierazteko moduak... irudiak eta mezuak' izeneko erakusketa jarri dute Carmen eta Silvia Mateo eta Xabier Olano artistek Orexako ganbaran, eta urte bukaera arte hori ikusteko aukera izango da.

Carmen eta Silvia Mateo ahizpak eta artistak dira. Bata marrazkilaria eta bestea olerkigilea. Xabier Olano eskultorearekin batera erakusketa bat egitera animatu ziren. Honela, hiruon lana batu, eta hori izan da azken emaitza: Adierazteko moduak... irudiak eta mezuak. Hain justu, Carmenen akuarelek, Silviaren olerkiek eta Olanoren eskulturek osatzen dute erakusketa, eta abendu bukaera arte izango da ikusgai Orexako ganbaran.

Denera 44 pieza biltzen ditu erakusketak; 22 akuarela eta 22 eskultura. «Kasualitate galanta» dela dio olerkigileak, «ez baikenuen hori pentsatu». Eskulturen artean, eskultura figuratiboak edota instrumentuak aurkitzen dira. Horietako batzuk, beste artista batzuen erreplikak izan arren, gehienak Olanoren obrak direla dio Silviak, «eta horiek dira niretzako originalenak». Akuareletan, berriz, pertsonaia asko agertzen dira, baina, batez ere, naturarekin lotutako margoak ikus daitezke.

Lan bakoitzak mezu bat du, eta hori ulertzeko Silviak idatzitako olerkia du lagun. «Horietan naturaren edo gizakiaren jarrerarekin lortutako gauzen inguruan aritzen naiz, hau da, bizitza gauza eta une bakoitzaren aurrean nola jokatzen dugu». Hortaz, hausnarketarako tartea sortu nahi du erakusketak, eta horretarako, gonbita zabaldu du artistak.

Bideoa: Silvia Mateo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!