Eneragen saria jaso du Orexa Energia Berriztagarrien Komunitateak

Ataria 2024ko ekainaren 17a

Trantsizio energetikoan egindako lanaz gain, bide guztian izandako ikuspegi soziala saritu dute. Herritar guztien saria dela nabarmendu du Eneko Maioz Orexa EBKko lehendakariak.

Espainiako energia agentzia eta erakunde publikoen elkartea da Eneragen, eta 15 urte daramatza lanketa ezberdinak saritzen. Aurtengo edizioan, Orexa Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) saritu dute, Energia Komunitateen atalean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak proposatuta.

Orexako Udalaren erabateko konpromisoa, herriko enpresak eta, bereziki, herritar guztien elkarlana goraipatu du saria jasotzerakoan Eneko Maioz Orexa EBKko lehendakariak. Saria herritar guztiona eta elkarlan baten ondorioa dela adierazi du. Horrez gain, eskerrak eman dizkio Foru Aldundiko Jasangarritasun sailari, «Orexa proiektua ulertzeagatik». Gauzak ezberdin egiten saiatu direla esan du, eta horretarako Aldundia beti bidelagun izan dutela.

Burujabetza energetikoa helburu bada ere, ikuspegi soziala funtsezkoa dela azpimarratu du lehendakariak. «Landa inguruneko enpresak laguntzea giltzarria da, kalitatezko enpresak sortzeko, eta pobrezia energetikoa arintzeko neurriak ere ezinbestekoak dira, behar duten familiei laguntzeko».

Energia tresna garrantzitsua dela nabarmendu du Maiozek, «herritarren herenak 25 urtetik behar baititu eta horiek herrian geratzea ezinbestekoa da».

Hitzartzea bukatzeko, babes eskaera bat egin die Energia agentzia eta Administrazio Publikoei, Orexa bezalako proiektu sozialak babestu ditzaten. «Ez da posible eguzki panelak jarri eta bi urtera oraindik instalazioan energia sortzen ez egotea. Balio dezala sari honek, mota honetako proiektu sozialak babestu eta aurrera eramateko», gehitu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!