Azkeneko 20 urteetan landa garapenaren inguruan kaleratu dituen 53 artikulu bildu ditu Jaime Izquierdo Vallinak (Infiestu, Asturias, Espainia 1958) De función pública, ¿Cómo va el mundo? liburuan. Erretiratu berria da, baina ingurumenaren, lurralde garapenaren eta landa ingurunearen arloetan lan egin izan du.
Aitortzen al dio gizarteak baserritarrari betetzen duen funtzio publikoa?
Ez. Liburuaren tituluarekin hitz jokoa egin nahi izan dut: funtzio publikoaz ari naiz, baina defuntzio gisa ere ulertu daiteke, alegia, desagerpen gisa. Uste dut industria iraultzarekin batera etorri ziren espezializazioa eta intentsifikazioa ez zirela nekazaritza munduarekin ondo ezkondu. Ez ginen konturatu landa eremuak bazuela bere ekonomia propioa, funtzionatzeko modu oso berezia. Nekazaritza industria iraultza horretara txertatzerako orduan, bi proposamen ideologiko nagusiek bere eredua inposatu nahi izan zuten. Kapitalismoan nekazaritza produktibista hori eta Errusiar iraultzako boltxebikeek, berriz, nekazarien proletarizatzea. Agerikoa da bide horiek ez zutela asmatu eta nekazaritza XXI. mendera iritsi da teoria ekonomiko sinesgarririk gabe.
Nola dabilen mundua galdetzen duzu zure liburuaren azpitituluan. Zein erantzun topatu duzu?
Bada, nekazaritzaren funtzio publikorik gabe, mundua galbidean egongo da. Elikagaiak sortzeko modu teknologikoak eta industrialak sortzen ari dira, baina modu horiek ez diote osotasunean erantzuten lurraldetasunari. Asturiasen (Espainia), adibidez, intentsifikatu gabeko baserri paisaiak lurraldearen %80a okupatzen dute. Galtzen uzteko oso eremu zabala da. Lur horiek inork erabiltzen ez baditu arazo asko ekarri dizkiote hiriari. Ohartarazpen hori ere egiten dut liburuan. Mundua gaizki badoa da landa eremua gaizki doalako.
Gizarte egiturak asko aldatu dira herri txikietan ere. Sostengarria al da aipatu duzun nekazaritza giroko ekonomia propio hori?
Baserriak lan eta ekoizpen unitate konplexuak ziren, familiaren zurtoina eta enpresaren erakundetzea konbinatzen zituen. Aita zen zuzendari nagusia, amona, herritartasunerako hezkuntza arduraduna eta seme-alabak eta emaztea, langile klasea. Oso ondo egituratuta zegoen guztia. Ikusi besterik ez dago, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak esaten du, nola baserritik atera ziren horietako askok arrakasta izan zuten negozioen munduan. Enpresaritza eskola gisa ulertu zuten baserria, jakintza asko eskuratu zituzten, eta abilidade pixka batekin kalean bidea egiteko aukera izan zuten. Familia eredu hori desagertu da, ordea, eta beraz, beste antolaketa eredu batzuk beharko ditugu aurreratzean. Izaera kooperatiboaren garrantzia azpimarratzen dut liburuan.
Zer da denbora guzti honetan aldatu ez dena?
Mantendu dena da lurraren erabileraren printzipio agroekologikoa. Horrek balio handia du. Gaur egun ekonomia zirkularraz hitz egiten dugu, baina horrela izendatu gabe, betidanik egin dute hori baserrietan; berdin C02aren isurpenarekin; edo biodibertsitatearekin, ondo maneiatutako lurrak konplexuagoak eta aberatsagoak dira. Arrisku handi batzuk ekiditen ere laguntzen du kudeaketa eredu honek, sute handiak adibidez eta gaur egungo kezka nagusienetakoa den elikadura osasungarriari ere erantzuten dio. Landa eremuko herrietan inpaktu oso txikiarekin elikagai oso osasungarriak ekoizten ziren. Gaur egungo gizarteak dituen aspirazio asko beteta zeuden dagoeneko baserri munduan.
Berriro ere herri txikira bueltatzeko proposamena da zurea?
Modu batera bai. Baserria galtzeak dakarren arriskuaz konturatu behar dugu. Herri txikietara bueltatzeak ez du esan nahi landa eremuan urbanizazioak eraikitzea. Landa eremuko herri txikia izan dadin herri horrek lurrak kudeatu behar ditu, elikagaiak sortu eta paisaia mantentzen lagundu. Bestela hiriaren apendize bat izango da, besterik ez. Azken batean lurraldearen kudeaketa agroekologikoan dago gakoa.
Zuk diozu landa eremuko herri txikiak ez daudela hilda, lozorroan baizik.
Iraganari begiratzen badiogu gainbehera datorrenari beste norabide bat eman diezaiokegu. Dauzkagunak oso esperimentu interesgarriak dira eta horien gainean formulatu ditzakegu teoriak. Orexan gertatzen ari denak badu zerikusia horrekin., teorizatzen ari garen hori hemen gertatzen ari da. Hasteko bertako herritarrak antolatu dira sistema agroekologiko bat antolatzeko, kooperatiba baten bitartez. Bigarrenik, independentzia energetiko ahalik eta handiena izateko ahaleginean ari dira, nahiz eta legediak zaildu egiten duen prozesu hori; hala ere, energetikoki burujabe izateko bidea urratzen ari dira Orexan. Eta hirugarrenik, herri mailako enpresa sare hori dago, daude nekazariak, abeltzainak, ostatua, turismoa... eta ondo jositako sare bat da. Orexa toki bizigarria egiten duen belaunaldiarteko komunitate bat sortzen ari dira hemen.
Landa eremuarekiko lotura afektiboa izatea garrantzitsua da?
Bai, baina lortu behar dugu herri txikietan bizitzeko baldintza egokiak eta duinak sortzea. Soilik hiriek ezin dute izan gizakion bizitoki, bestela geroz eta hiri handiagoetara joko dugu eta hori ez da sostengarria. Landa eremuan bizitza erosoak lortu behar ditugu, duintasunez egon ahal izan gaitezen bertan eta desiragarria izan dadin edonorentzat bertan bizitzea. Lurrarekiko lotura hori berreskuratu behar dugu. Galegoz morriña erabiltzen dute, eta portugesez saudade, munduan egoteko zure tokiaren faltak sortzen duen ezinegona adierazteko. Hori sentitu behar genuke gure herri txiki hauekiko.
Aurrera begira baikorra zara?
Esperantza daukat urte asko daramatzadalako optimista izaten eta dagoeneko ez dudalako nire joera aldatuko. Esperantza badaukat baina ez dut uste nik ikusiko dudanik. Eraldaketa emateko ziklo luzeagoa beharko da. Horregatik saiatzen naiz dena idatzita uzten. Esan izan didate ni dagoeneko hemen ez nagoenean interpretatuko dela egokien gaur egun idazten dudana. Hori da nire konpromisoa gauzak ahalik eta ondoen esplikatzea.
Berriro itzuliko zara Orexara?
Orexara etortzea niretzako pizgarria izan da, urteetan predikatu dudan lan horren zati bat eginda ikusi baitut bertan. Laster itzultzea espero dut.