Kultur hamabostaldiari hasiera eman diote Orexan

Ataria 2023ko urr. 25a, 17:00

2016ko kultur hamabostaldiaren barruan Ixabel Agirresarobek ipuina kontatu zuen udaletxeko ganbaran.

Bigarren ekitaldia izango dute, bihar, 19:00etan; ‘Balerdipeko Erleak’ hitzaldia eskainiko dute Inaxio Arin eta Mattin Jauregi erlezainek.

Askotariko kultur ekitaldiak izango dituzte azaroaren 4ra bitartean Orexan. Asteartean eman zioten hasiera kultur hamabostaldiari Tolomendiren Auzolangintza dokumentalaren proiekzioarekin, eta bihar izango dute bigarren hitzordua: Balerdipeko Erleak  izenpean hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan, Inaxio Arin eta Mattin Jauregi eskualdeko erlezainek.

Ostiralean, toka txapelketarekin abiatuko dute asteburua, 18:00etan. Indarrak berreskuratzeko talo-afaria egingo dute, 20:00etan, Orixe Elkartean. Mus txapelketa jokatuko dute horren ostean. Igandean, berriz, Uitzitik Orexarako ibilaldia egingo dute. Autobusa plazatik abiatuko da. Bueltan herri bazkaria egingo dute ganbaran, eta ondoren, trikitilariak izango dituzte.

Datorren astean ere izango dute zertaz gozatu orexarrek, ekitaldi ugari izango baitituzte.

Egitaraua

Urriak 26, osteguna

  • 19.00. ‘Balerdipeko Erleak’ hitzaldia, Inaxio Arin eta Mattin Jauregi erlezainen eskutik.

Urriak 27, ostirala

  • 18.00. Toka txapelketa.
  • 20.00. Talo-afaria Orixe Elkartean. Ondoren, mus txapelketa.

Urriak 29, igandea

  • 8.00. Uitzi-Orexa ibilaldia. Autobusa plazatik abiatuko da.
  • 14.00. Herri bazkaria ganbaran. Ondoren, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak.

Urriak 31, asteartea

  • 22.00. Tolosaldeko osasungintza inguruko hitzaldia, Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria eta kriminologoaren eskutik.

Azaroak 3, ostirala

  • 22.00. Ti-ta bakarrizketa saioa, Maria Blanco eta Ana Goitia umoregileen eskutik.

Azaroak 4, larunbata

  • 17.00. Haurrentzako puzgarriak. Ondoren, txokolatada.
  • 21.00. Herri afaria ganbaran. Ondoren, bingoa.
  • 00.30. Muxutruk erromeriaren ikuskizuna. Ondoren, kukurruku txapelketa. Goizaldera, gosaria eta gaupasero argazkia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!