ELKARRIZKETA

«Lehen ekoizten ziren gazten berreskuratze lanaren ondorioa da»

Leyre Carrasco 2023ko ots. 8a, 07:59

Oihan Txiki Kooperatibak Hazik abiatutako Euskal Gazta proiektuaren baitan sortu duen Orexa Otzara gazta berria aurkeztu zuen pasaden ostiralean, otsailaren 3an, Hernaniko Zelaia sagardotegian.

Oihan Txiki Kooperatibak eskaintza geroz eta zabalagoa du. 2021ean ekoitzi zuten gazta urdinaren arrakastaren ostean, beste salto bat ematea erabaki dute. Hazik abiatutako Euskal Herrian garai batean ekoizten ziren gazten berreskuratze proiektuarekin bat egin, eta Orexa Otzara gazta berria sortu dutela kontatu du Beñat Leunda Oihan Txiki Kooperatibako kudeatzaileak.

Nola sortu zitzaizuen gazta berria ekoizteko aukera?
Gazta berrian kontua Hazitik dator. Elikagaien inguruan Eusko Jaurlaritzan lan egiten duen enpresa bat da Hazi, eta honek Euskal Gaztak izeneko proiektua abiatu zuen. Euskal Herrian garai batean ekoizten ziren gazten berreskuratzea da proiektu honen helburua, eta beste gaztandegi askorekin batera proiektu horretan sartu ginen. 2021ean gazta urdina ekoizten hasi ginen. Oso ondo joan zitzaigunez, beste gazta bat ekoizteko aukera polita zela ikusi genuen. Aurreko urtearen erdialdean hasi ginen Orexa Otzara gaztarekin lanean, eta lehen aipatu bezala, gazta tradizional horiek berreskuratzeko asmoarekin sortu genuen.

Non du jatorria?
Araban ekoizten zen gazta tradizionala da Otzara.

Nondik datorkio izena?
Bere garaian gazta hau ekoizten zutenean saski txiki batzuetan jartzen zuten. Hortik dator Otzara izena, otzara izena duten saski txiki batzuetan jartzen zutelako. Gero Orexa marka gehitu diogu, gure gazta guztiei Orexa jartzen diogulako, baina produktu honen izena guztiz eredatua da.

Nolakoa izan da ekoizpen prozesua?
2021ean hasi ginen probak egiten. Azkenean, gazta bat merkaturatu behar duzunean aurretik proba pila bat egin behar dituzu, hasieran ez direlako ondo ateratzen eta sekulako esperimentu pila egin behar dira fundamentuzko zerbait lortu arte. Beraz, gutxi gorabehera urtebeteko esperimentazioa egin genuen atzetik. Hazin aholkularitza eta kalitate kontrolak ere izan genituen, eta beraiei esker, azkenean, 2022ko maiatzean salmentan jartzea lortu genuen.

Eta pasaden ostiralean Hernanin aurkeztu zenuten.
Orexan aurkeztea pentsatu genuen, baina erosotasunetik irten ginen eta Zelaia sagardotegian aurkeztea erabaki genuen. Sagardotegiarekin daukagun harremana aprobetxatu nahi genuen. Izan ere, Zelaiak normalean askotariko gaztak eskaintzen ditu, eta horien artean gure gazta urdina eta Ketua aurkitzen dira.

Nolako harrera izaten ari du?
Oso ondo. Nik beti esaten dudan bezala, une honetan ekoizteko gai garena baino gehiago sortzen ari gara. Beraz, gazta berri honen ekoizpena handitzen ari gara, erantzun oso onak jaso baititugu. Hala ere, uste dut beste gazta batzuekin alderatzeko erreferentzia falta izateak jendeari ere laguntzen diola iritzia emateko garaian. Baina orokorrean kritika oso onak jaso ditugu, eta oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin.

Zein da beste gaztekiko duen desberdintasuna?
Nik Idiazabaleko gaztarekin konparatzen dut beti. Idiazabal jogurt guztia ateratzen zaion gazta prentsatua da, eta esnea eta grasa mantentzen zaio. Otzara, berriz, pasta biguin bat da. Beraz, pasta biguin horrek hezetasun gehiago izatea eragiten dio eta jateko errazagoa da, zapore leunagoa duelako. Gazta normalean esne pasteurizatuarekin egiten dute, horregatik gazta askok kolore zuria eta itxura xamurra izaten dute. Gure kasuan, ordea, esne gordinarekin egiten dugu lan, eta horrek ezberdintasun bat ematen dio gaztari. Bi hilabeteetan saldu behar izaten dugu, beraz, kolorea ez da oso zuria izaten, hau da, kolore horixkagoak hartzen ditu. Beste zapore bat dauka, gainera.

Zein da bere prezioa?
Kiloa 30 eurotan aterako litzateke, eta 500 gramoko unitatea 15 euro inguruan geratuko litzateke. Artisau gazta izanda, merkatuan aurkitu daitezken beste hainbat gaztekin alde handia du.

Nolakoa izan da lortu duzuen emaitza?
Tolosan egin zen Euskal Herriko esneki azokan parte hartu genuen. Pasta biguinen sailkapenean aurkeztu ginen, hain zuzen, eta bigarren postua lortu genuen. Une horretan, produktu berri honen esperimentazio fasean geunden. Orain oso pozik gaude geratu zaigun emaitzarekin. Egia esan ez genuen horrelako harrerarik espero. Produktu berri bat merkaturatzen duzunean, oso berria denean edota jendeak ez duenean horren inguruko ezagutza handirik, kontsumitzaileek nola erantzungo duenaren zalantza izaten da beti, eta guk beldur hori genuen hasieran. Hemengo herritar asko gure gazta berria probatzera ausartu dira, baita inguruko beste herritarrak ere, eta momentuz inorrek ez digu ezer txarrik esan.

Eta zuek nolako balorazioa egiten duzue?
Urte dezente igaro dira Oihan Txiki Kooperatiba Idiazabal klasikotik aldendu dela, dibertsifikatzeko apustua eginez. Gazta urdina merkaturatzean eman genuen lehenengo pausua, eta horren ostean etorri da Otzara. Azkenean, urte guzti hauetan ikusi duguna da merkatuak dosifikatzea eskatzen dizula, hau da, produktu desberdinak ekoiztea eta merkaturatzea. Kontsumitzaileek produktu berriak nahi dituzte, ahalik eta formatu desberdinetan. Egia da, tartean kontsumitzaile klasikoak ere badaudela, Idiazabalgo formatu tradizionaletik irtetea asko kostatzen zaiena, eta, batez ere, Euskal Herrian. Hala ere, dibertsifikatzeko bide honetan jarraitu behar dugula uste dugu, eta hemendik aurrera ere bide horretan jarraituko dugu gazta desberdinak egiten eta ahal dugun proiektu desberdinetan parte hartzen.

Aurrera begira beste proiekturen bat duzue eskuartean?
Datozen bi edo hiru urteetan gaztategi berri bat martxan jartzea da gure asmoa, hemen Orexan. Azkenean, orain bide bat ari gara eraikitzen, ondoren, gaztategi berrian zerotik ez hasteko, eta horixe da orain dugun asmoa. Aurten hasi beharko ginateke obrarekin derrigorrez, eta oso errealistak izanda bi edo hiru urteetan dena martxan jartzeko prest izatea espero dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!