Kike Rodriguezen obrak daude ikusgai Orexako Ostatuan

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 28a, 07:59

Material zaharrei bigarren bizitza bat eman nahian sortutako artelanak ikusteko aukera dago Orexako Ostatuan; eskuz egindako lanak dira guztiak.

Irudimenari buelta bat eman eta ideia ezberdinak garatuz egiten ditu artelanak Altzon bizi den Kike Rodriguez dulantziarrak. Orexako Ostatuan jarri ditu hainbat lan, jendeak ikus ditzan. 

Gehienbat egurra eta burdina erabiltzen ditu, eta material zaharrak berrerabiltzea du gustuko: «Gauza zaharrak aprobetxatzen ditut, bizitza berri eman eta artistikoki beste erabilera bat emateko». 

Zortzi obra inguru jarri ditu ikusgai Orexan. Tartean, pandero erraldoi bat. «Tamaina handiko panderoak egiten hasteko ideia izan nuen eta lauzpabost egin izango ditut dagoeneko», kontatu du. Panderoa haritzarekin egin du eta txapak eramaten dituen lekuan biniloak jarri dizkio. «Haritzarekin lan egitea gustatzen zait, eta egurra zaharra bada, hobe». 

Egin izan dituen tamaina handiko panderoak Fortu  Ruiz de Eguilaz margolariak margotu dizkio. Orexan, Mauriziaren irudia daraman panderoa jarri du, «tamaina handian egindako lehena». Pandero hori ez da Orexan soilik izan, ordea: Amak musika taldeak erabili izan du biran, kontzertuetan, oholtza apaintzeko. Altzoko Ostatuan du kokatuta beste pandero erraldoi bat, Altzoko Handiaren irudia daramana. «Egin izan ditudanak tamainaz antzekoak dira, baina batzuei biniloak jarri izan dizkiet, besteei txapak, eta iltzeak ere jarri izan dizkiet zenbaiti». 

Pandero borobilez gain, oktogonalak edota karratuak diren panderoak ere egiten ditu. Noizbait triangeluak ere bai. «Formaz arraroak diren pandero guztiak nireak dira», dio barrez. Hasi eta buka egiten ditu panderoak: «Egurra landu, zizelkatu, larrua jarri eta txapak ere neronek jartzen dizkiet». 

Lan desberdinak

Orexako Ostatuan jarritako artelanak elkarren artean «nahiko desberdinak» direla dio. Pandero erraldoiaz gain, Ikusi, entzun eta isildu (Vero, oir y callar) obra jarri du. Tximinoen ideia hartu eta orkatz batzuen aurpegiak egin ditu. Horretarako, orkatzen adarrak, burdina, malgukiak edota  iltzeak erabili ditut. Begiak irudikatzeko panderoen txapak jarri dizkiet, eta belarriak eta ahoa metro zahar batzuen bidez irudikatu ditut».

Argizaiola batzuk ere jarri ditu, horman zintzilik. Buztinez eta iltzeez egiten ditu. Gainerakoan, egurrarekin lan egitea gustatzen zaiola aitortu du. «Egurra lantzea eta zizelkatzea gustatzen zait. Eta bereziki birziklatzea dut atsegin, egur zaharrak erabiltzea, eta baita antzinako traste eta tresnei beste bizitza bat ematea ere». 

Bere denbora librea erabiltzen du lan horiek egiteko. «Denbora librea dudanean buruari bueltaka hasten naiz, lan mordo bat dauzkat etxean eginda».  

Orexara, horman zintzilikatzeko moduko lanak eraman ditu, guneak hala eskatzen duelako. Hala ere, badago obra bat lurrean kokatuta, lore batzuena. 

Altzotarrei oparia

Abenduaren 24an, kantuan atera ziren etxez etxe Altzon, eta Rodriguezek opariak prestatu zituen abesten zuten etxe bakoitzerako: «Imazen pagoari adar bat hautsi zitzaion eta egur zati bat  hartu nuen hautsitako zatitik; hala, Gabonetarako egurrezko hosto batzuk egin ditut, zintzilikarioak jarrita, eta etxez etxe oparitzen ibili nintzen kantuan atera ginenean». 

Imazen pagoaren eskultura bat ere badu jarrita Altzoko udaletxean, eta bere beste hainbat lan ikus daitezke Altzoko Ostatuan.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!