«Europatik zer ikasia badaukagu, baina baita zer erakutsia ere»

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 17a, 17:59

Irlanda, Finlandia eta Poloniako herritarrak eskualdean dabiltza Mendinet-eko kooperazio proiektu baten baitan. Goizean Abaltzisketan izan dira, eta eguerdian Orexara gerturatu dira.

Mendinet Tokiko Ekintza Taldea, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 landa garapen elkartek eta HAZI fundazioak osatzen dute. Bertan, Europako Batasuneko garapen fondoak kudeatzen dituzte, eskualde, landa ingurune edo herri txikietan garapena bultzatzeko. Horrez gain, Europako kooperazio proiektuak ere martxan dituzte. Tolosaldetik, adibidez, Irlanda, Finlandia eta Poloniara joanak dira bertako eredu desberdinak ezagutzera. Oraingoan, herri horietatik etorri dira Euskal Herrira.

Imanol Olano Tolomendiko teknikariak azaldu ditu bisitaren xehetasunak, Orexan: «Europako kooperazio proiektu batean parte hartzen ari gara, eta gure bazkideen bisita jaso dugu gaur. Helburu nagusia herri txikietako udalek beste esperientzia batzuk ezagutzea da. Europa mailan, Smart estrategia deitzen zaion ekimena dago, alegia, herri txiki inteligenteena. Smart ez da ulertu behar soilik teknologia berriei lotutako zerbait bezala, gauzak egiteko moduarekin ere badu zerikusia; berrikuntza soziala, aktibitate ekonomikoa eta bereziki gizakia kontuan hartuz».

Orexa Smart talde horretako kidea da. Olanoren esanetan, Orexa hainbat arlotan «bidea erakusten ari da». Tolomendiko teknikariak adibide zehatza ere jarri du: «Energia berriztagarrien gaian aitzindariak dira, eta badute zer erakutsia, bai Erkidegoko beste landa herrietan eta baita Europa mailan ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!