Mikel Atxega Malkorra omendu dute

Leyre Carrasco 2022ko aza. 13a, 17:11

Gaixotasun larri baten eraginez abuztuaren 13an hil zen orexar iheslari ohia, eta gaur merezitako omenaldia egin diote bere senide eta herritarrek.

Eguraldia lagun izan dute goizean Orexan, ospatzeko egun berezia baitzuten gaurkoa. Plaza jendez lepo bete da goizean, eta bertan izan diren guztiek asmo berarekin gerturatu dira gaurko egunean herrira; Mikel Atxega Malkorra alkate eta iheslari ohiari merezitako omenaldia egiteko, hain zuzen.

Txistulari eta dantzarien kalejirak eman dio hasiera ekitaldiari, tartean Porrotx ere bazegoen. Bera izan da, hain zuzen, oholtzara igotzen lehena, eta umorea tartekatuz kontatu du Mikelen istorioa. Ondoren, eliza atzeko belazera joan dira, eta bertan, gereziondoa landatu dute Atxega omenduz. Herriko gaztetxoek margotutako harriekin apaindu dute gereziondoa, non herritarrek idatzitako hainbat mezu irakur zitezkeen. Tartean bertsoa eta ondoren dantzariek agurra eskaini diote, eta horren ostean, plazara bueltatu dira guztiak.

Atxegaren lagun mina denaren David Plaren txanda izan da. Berak aitortu bezala Atxegak eskatu zion gaurko egunean bertan egoteko, eta halaxe bete du bere lagunak utzitako eskaria. “Mikelekin egon nintzen azken aldi hartan, duela lau urte ateratako oroigarri bat zuen bere erresidentziako gelan. Herri honen aldeko borrokan parte hartu duten horiei guztiei eskeinitako oroigarri bat. Herri honetan aski esanguratsua den antolakunde baten ikurra den oroigarri bat. Mikel oroigarri horri begira zegoen, begiak malkotan zituen eta esan zigun: “Hau naiz ni”. Hunkigarria izan zen, eta hala da. Hori zen Mikel. Herri honen borroka ordezkatzen zuen Mikelek”, kontatu du. “Gerora askotan pentsatu dut zergaitik eskatu zidan Mikelek hemen egotea. Eta, uste dut, zuen aurrean horixe bera adierazi nahi zuela; nor zen bera. Hori zelako, hain zuzen”.

Egun hartan Atxegarekin luze hitz egiten egon zela gogorazi du, eta, batez ere, bi gai izan zituzten elkarrizketa gai: “Mikelek bere buruan zuen kezka bat izan zen lehena. Nola transmititu behar genion gure seme alabei edota orain borrokan dabiltzanei ezagutu ez dituzten aurreko gauza horiek guztiak. Eta egia da hori ezinbestekoa dela. Mundua etengabeko aldaketan dago, Euskal Herria etengabeko aldaketan dago, eta garrantzitsua da nortzuk garen jakitea, nondik abitu ginen, eta, batez ere, nora joan nahi dugun”.

Atxegak partekatu nahi izan zuen bigarren kezka Euskal Herriaren egoera eta euskaldunon nortasunaren egoeraren inguruan izan zela aipatu du: “Euskal Herria arriskuan bizirauteko etengabean jarraitu behar dugula berpizteko eta indartzeko borrokan. Hori ezinbestekoa da herria bizirik maitendu nahi baldin badugu”. Hala ere, Atxega jakinminarekin eta konfiantzarekin sumatu zuela esan du, “pozik zegoen, bidea egiten ari baitgara. Zaila da hitz gutxitan laburbiltzea Mikelen zerekin geratzen garen. Ni, nere bizipenetik, bi gauzekin gelditzen naiz. Lehena, Mikelen irriarekin, eta bigarrena, Mikelen leialtasunarekin. Niretzako Mikel hori izan da, konpromezu etengabea, maitasun etengabea eta herriari eskainitako bizitza bat. Hori da gurekin gordeko duguna. Mikel joan zaitezke lasai, guk bidea egiten jarraituko dugu eta”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!