Mikel Atxega Malkorra Orexako alkate ohia zendu da

Ataria 2022ko abuztuaren 14a

Atzo goizean hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. Iheslari Politikoen Kolektiboak abiatutako ekimenaren barruan etxera itzulia zen jada, baina bizitokia Ipar Euskal Herrian mantenduz.

Espainiar auzitegien jazarpenari iskin egiteko alde egin aurretik, Orexako alkatea izan zen Atxega; 1987an hautatu zuten herritarrek, Herri Batasunako zerrendetan.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an Biarritzen irudikatu zuen etxera itzultzeko apustu politikoari heldu zion, beste dozenaka errepresaliatuk egin duten bezala. Jaioterrira bueltatu zen, baina gaixotasunari Lapurdin egin dio aurre bereziki. Hendaiako Beilatokian emango zaio azken agurra, asteazkenean ziurrenik.

Hilabeteko epean hil den bigarren iheslari ohia da Atxega, aurretik (uztailaren 16an) Lazaro Galarzak ere azken hatsa eman zuelako, oraingo honetan Mexikon, lan istripu baten ondorioz. Atxegak bezala, itzultzeko erabakia hartu eta burutua zuen Galarzak, nahiz eta biak beren jaioterritik kanpo hil diren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!