Italiako Gucci enpresako langileek lan saioa egin dute ostatuan

Ataria 2022ko uztailaren 11

Moda enpresako kudeatzaileak eta zuzendaritzako kideak izan dira; ostatuko arduradunek esan dutenez, horrelako zerbitzuak ezagutarazi nahi dituzte.

Pasa den astean Italiako Gucci moda enpresako kudeatzaileen eta zuzendaritzako kideen bisita izan zuten Orexan. Bertako ostatuko ganbaran izan ziren lan saio bat egiten, eta "oso gustura" egon zirela azaldu du Eneko Maioz ostatuko arduradunak.

Maiozek esan duenez, Italiako moda enpresak Bilboko enpresa bat du aholkulari moduan. "Orexa ezagutzen dute, egonak direlako, eta asko gustatu zitzaien, eta pasa den asterako eskaera egin ziguten". Maiozek azaldu duenez, horrelako jardueretarako leku "ezin hobea da, oso ondo ekipatuta baitago ganbara", eta gisa horretako zerbitzuak ezagutarazi nahi dituzte. 

Oso gustura egon zirela adierazi du ostatuko arduradunak. "Goizean etorri ziren, bertan bazkaldu zuten, eta bazkalostean joan ziren". "Gu ere oso gustura gaude horrelako bisitak jasotzeko aukera izateagatik. Espero dugu enpresek ikustea bilerak edota lan saioak egiteko aukera dutela bertan, eta ea aurrerantzean horrelako gehiago izaten ditugun". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!