Babestutako edukia

Orexako Ostatua, jateko leku bat baino gehiago

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 30a, 10:00

Ostalaritza zerbitzu soil bat baino, zerbitzu integralago bat eskaintzen du Orexako Ostatuak; hazten jarraitu eta azpiegiturak aprobetxatu nahi dituzte.

Orexara doanak galdu ezinezko geldialdia du egiteko Orexako Ostatuan. Baina ez bakarrik trago bat hartu edo mokadu bat jateko. Hori baino zerbitzu osatuagoa baita bertan eskaintzen dena. Bertako produktuen aldeko apustutik hasi, ingurumena zaintzeko filosofiarekin lan egin, herri eragile izan eta denda, apartamentuak edota bilera gelak bezalako zerbitzu integrala da eskaintzen dena.

Orain gutxi karta berria osatu dute, bertako produktuaren garrantzia islatuz. Aldaketa handi bat baino, eguneraketa bat egin diote. Orexako produktuak lantzen aritu dira orain arte, jauzi bat eman dute orain, eta ingurutik jasotzen dituzten produktuak nondik datozen izendatzen aritu dira. Eneko Maioz eta Pello Garmendia ostatuko kudeatzaileek azaldu dutenez, «uste baino gertuagoko produktuak» erabiltzen ari dira sukaldean, haien sorpresarako: «200 kilometroko erradioaren barruko produktuak erabiltzen ditugu, gehienak 20 kilometroko erradioan daudenak». Hori balorean jartzeko, kartan bertan zehaztu dute, idatziz, erabilitako produktua nongoa eta zein herritakoa den.

Bertako produktuak platerean jan daitezke, baina ostatuan bertan kokatuta dagoen dendan ere produktu berak eskuratu daitezke. Orexako gazta promozionatzeko leku bat behar zutela argi izan dute hasieratik, eta horrez gain, bertako produktuen erakusleiho ere bada. «Bertan jaten duzuna gustatu bazaizu, bertan daukazu salgai; sukaldeko almazena da denda». Kudeatzaileek kontatu dute, asko direla erosketa ohiturak aldatu dituzten herritarrak eta zenbait gauza, bereziki harategikoak eta esnekiak erabat erosten dituztela herriko dendan.

Eguneratzen, berritzen, datozen aldaketak txertatzen jarraitzea da asmoa ostatuan. Bide horretan, aplikazio bat sortzen ari dira, «bereziki gazteen ohiturei begira». Aplikazio horren bidez otorduetarako erreserbak zuzenean egin ahalko dira eta deskontuak aplikatuko dira. «Jendea fidelizatzea ere bada asmoa».

ENERGIA ERE BERTAN

Bertako produktu gisa hartzen dute bertan sortzen duten energia ere. 2019an jarri zituzten eguzki plakak ostatuko teilatuan eta gutxi gorabehera behar duten energiaren erdia ekoizten dute plaka horiek. Horrela, kontsumitzen duten energia guztia da berriztagarria, bertan sortzen ez dena ere Goiener bidez hartzen dutelako.

Aurrezpen horrek negozioa aurrera eramaten laguntzen dietela azaldu dute, baina sukaldeari bestelako erabilera bat emateko aukera ere ahalbidetzen die. Besteak beste, arkumea edota txerrikumea tenperatura baxuan egin ahal dituzte, labea denbora luzez martxan izanik.

Aurrerago, Segoretxen jarriko dituzte eguzki panelak eta sortzen duten energiaren ehunekoa handitzea espero dute.

Ingurumenaren aldeko filosofiarekin egiten dute lan, eta sortzen duten hondakinari begira ere jartzen dira. Lehen, sortutako organikoa herrian bertan tratatzen zuten, baina «bolumen handiagatik» kanpora ateratzen dute orain. «Hondakinaren sorkuntzan jaitsiera handia antzeman dugu, eta horrek aukera ematen digu zapiak edota mantelak paperezkoak, konpostagarriak erabili ahal izateko».

Horrez gain, garbiketa sistema berri bat ari dira martxan jartzen. Kimikoak diren produktuak kentzeko asmoz, ura ozonoarekin erabiliko dute. «Kimikoek adinako edo gehiagoko garbiketa egiten du, desinfektatzailea da».

KULTUR ERAGILEA

Ostiral Kulturalak egitasmoarekin aurrera jarraitzen dute. Hilabetero, kultur ekitaldiren bat antolatzen dute, ostatuko ganbaran, eta herri bizia izateko lanketa horretan, ezinbestekoa zaie herriarekiko lotura mantentzeko. Jarraikortasun bat emanda, ostatua kultur erreferentzia bat izatea lortzen ari direla diote kudeatzaileek: «Ostatua ez da bakarrik ostalaritzako espazio bat, beste zerbait ere bada, herri eragilea da zentzu horretan».

Ostatuko azpiegiturak aprobetxatzen jarraitu nahi dute, eta dituzten espazioei ahalik eta zuku gehien atera. Horrela, nola ganbara, hala jangelan dagoen sala, bileretarako eta ekitaldi berezietarako bideratuta dituzte. Bilerak edo bestelakoak egin ahal izateko egokituta daude: hamar lagunentzako lekua dauka jangelan dagoen salak, telebista batekin eta bideokonferentziak egiteko sistema batekin. Pertsona kopuru horretatik gora, ganbaran dago lekua, proiektorearekin, soinuarekin, guztiz prestatuta. Publiko guztiarentzat dago zabalik.

Eta azpiegiturekin jarraituz, lotarako lekua ere eskaintzen dute. Segoretxen dituzte prestatuta apartamentuak, aurreko irailetik. Momentuz balorazio «positiboa» egin dute, eta udari begira ere aurreikuspenak «onak» dira. «Leku zoragarrian eta lasaian, bisita lekuetatik nahiko gertu dagoen zerbitzua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!