Orexako jaiak 2022

Jaitsi da oilarra eta hasi dira festak

Ataria 2022ko maiatzaren 3a

Eguerdian lehertu da suziria eta festa eguna dute gaur, bazkari eta guzti; gainerako jai egunak ostiraletik igandera bitartean ospatuko dituzte.

Hasi dira Orexako festak. Gaur eguerdian, Santa Kruz egunean, kanpai hotsekin batera lehertu da suziria, eta kanpandorretik ostatuko balkoira jaitsi da oilarra, herrira festa ekarriz. Herritarrak plazan bildu dira eta oilarra balkoira iristean xanpaina zabaldu dute, festari hasiera emateko. Gainerakoan, asteburua aprobetxatuko dute jaiari jarraipena emateko; ostiraletik igandera bitarte egitarau oparoa prestatu dute. 

Xanpain pixka bat edan ostean, kantu bazkaria egin dute elkartean, Andoni Ollokiegi musikariaren eskutik. Orexako alkate den Eneko Maiozek esan du Santa Kruz eguna bera astez izanda, "lasaiago, herri giroan" ospatzeko moduan direla. 

Izan ere, bi urte pasa dira festarik egin gabe, eta "gogoz" zeuden herrian festak hasteko. "Batetik gogo berezia zegoen, baina bestetik halako irrikarik ere zen ez sumatzen festak hasi aurretik, sentimendu kontrajarriak soma zitezkeen", dio Maiozek. Hala ere, seguru dago festa nola egiten den ez zaiela ahaztu, eta gaurko hasieraren ostetik, ostiraletik igandera bitartean datorrena nola ospatu asmatuko dutela. 

"Egitarau sinplea egiten saiatu gara,  egoera honetan ere ez genekielako zer pasako zen, eta gainera, kultur ekimenak urte guztian zehar egiten ditugunez, zentzu horretan ere behar gutxiago sentitzen genuen", kontatu du. 

Horrela, pintxo afariarekin jarraituko du festak ostiralean, eta igande gauean oilarra igotzen duten arte luzatuko da jaia.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!