Eguzki panelen hirugarren instalazioa bukatzear Oihan Txiki kooperatiban

Leyre Carrasco 2021eko abuztuaren 26a

Energia berriztagarriaren aldeko apustuarekin jarraitzen du Orexako Udalak.

Lehen instalazioa Orexako ostatuko teilatuan izan zen, bigarrena frontoian eta, oraingoan, Oihan Txiki kooperatiban egiten ari diren hirugarren instalazioarekin bukatzear daude. Orain arte, hiru urteko lana izan dela azaldu du Eneko Maioz alkateak, eta oraindik luzerako dute. "Azterketa bat ari gara egiten hurrengo urtera begira, eta eguzki plakak etxebizitzetan jartzeko asmoa dugu. Orain energia komunitatea ere sortzen ari gara, hori guztia kudeatzeko helburuarekin" azaldu du.

Hirugarren instalazioa guztiz amaituta, lehen hiru faseekin Orexak behar duen energiaren erdia sortuko dela kalkulatu du gainera. Horregatik, azken fasea edo bukatzear dagoena etxebizitzena izango dela esan du alkateak: "Orexa bizirik mantentzeko genuen estrategia, energia mantentzea zen; energia arloan gure herriak burujabe izateko gaitasuna duelako".

Herritarrak, gainera, hasieratik proiektuaren parte izan direla azpimarratu du: "Herrian oso parte hartzaileak izan gara beti eta nahiko eredu naturala dela uste dut".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!