Energia autokontsumorako proiektuak bisita jaso du

Ataria 2021ko mai. 19a, 18:00

Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatua eta Monika Pedreira Ingurumen zuzendaria izan dira, goizean, Orexan,  energiaren proiektua ezagutzen.

Orexan energia autokontsumorako garatu duten proiektua bertatik bertara ezagutzeko tartea hartu dute goizean, Jose Ignazio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak eta Monika Pedreira Ingurumen zuzendariak. Ostatuko teilatuan jada jarriak dituzte eguzki panelak, eta bigarren fasea ere amaituta dute, frontoiko estalkian panelak jarrita. Hirugarren fasean, berriz, Oihan Txiki kooperatibako teilatuan 90 eguzki panel jarriko dituzte. 

Frontoiko estalkian, 66 kW-ko 192 modulu daude jarrita, eta sortzen duen energiak, Orexako energia kontsumoaren %40a hornitzen du. Era berean, herriko 42 familiak aukera dute energia hori kontsumitu ahal izateko. Asensiok azaldu duenez, "energia autokontsumora eta sorkuntza banatura bideratzen gaituzten ekimen hauek, herritarren ahalduntze nabarmenarekin, energia trantsizioaren oinarri nagusietako bat dira". 

Instalazio horrek, elektrizitate kontsumoaren fakturetan aurrezpenak eragiteaz gain, "ingurumen onura nabarmenak" dakartza, Asensioren arabera: "Urtean 22,13 tona CO2 gutxiago igortzen dela kalkulatzen da". Horrelako proiektuak «aurrerapauso nabarmenak" direla esan du eta "energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu iraunkor eta garbia bultzatzeaz gain, kontsumitzaileentzako aurrezkia suposatzen dute eta energia pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira". 

Pilotalekuko estalkian jarritako eguzki panel horiek finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak 27.000 euro jarri ditu, proiektuaren kostu osoaren %50a.   

Hirugarren fasea

Energia planarekin aurrera jarraitu nahi du Orexako Udalak, eta hirugarren fasean, 30 kW-ko beste instalazio bat jarriko du martxan, kasu honetan, Intxaurpe auzoko Oihan txiki kooperatibaren teilatuan. Oihan txikik doan utziko du teilatua instalazioa egin ahal izateko, eta udalak ordaindu eta mantenduko du. 90 eguzki panel jarriko dituzte, eta urtean 37.451 kWh sortuko dituela kalkulatu dute. Udalerriko kontsumoaren %20 gehiago emango du instalazio horrek, eta urtean, 13,37 tona CO2 gutxiago igorriko dira. 

Atzo goizeko bisitan, udal ordezkariek proiektuaren faseak azaldu zizkieten ingurumen diputatuari eta zuzendariari. Eneko Maioz Orexako alkateak esan duenez, burujabetza energetikoaren alorrean eta herri txikiek aurrera egiteko "bidelagun" izaten jarraitu nahi dute aldundiarekin. "Proiektu energetiko bat baino gehiago herri proiektu bati lotua dagoen proiektu bat" ari dira aurrera eramaten, Maiozen hitzetan,  "herritarrak eta natura babestuko dituena". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!