Orexako Udalak iazko urtea amaitzerako onartua zuen 2021erako aurrekontua. Aurten, zehazki, 200.000 euro izango dituzte urtean zehar erabili ahal izateko, iaz baino 25.000 euro gutxiago. Iaztik aurrekontuak jaitsiera izan duen arren, inbertsioetara bideratu duten partida iazkoa baino handiagoa izan da; 25.000 euro bideratuko dituzte proiektu berrietara, Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu duenez.
"Urtea amaitzerako ohitura dugu aurreneko aurreikuspen bat egiteko; gero, hala ere, urtean zehar asko aldatzen da aurrekontua, diru laguntzen arabera lan asko egiten baitugu", adierazi du Maiozek.
Proiektu berriak
Orexako Oihan Txiki kooperatibarekin batera proiektu bat jarriko du udalak martxan: kooperatibaren bigarren fasea. "Oihan Txiki duela ia 30 urte sortu zen eta azpiegiturak zaharkitzen ari zaizkio; produktu oso ona egiten duenez merkatua ere ona dauka, eta ikusi dugu buelta bat eman behar zaiola", azaldu du alkateak. Orexako Udala, beste herritar askoren moduan, kooperatibako bazkidea da, eta Oihan Txikik herriarekin "lotura estua" duela azpimarratu du Maiozek.
Bigarren fase horretan, batetik, energiaren inguruko lanketa bat egingo dute, eta, bestetik, eraikin berri bat eraikiko dute, non gaztandegia jarriko duten eta baita ere turismoari begirako gune bat atonduko duten. Alkateak esan duenez, Orexa Bizirik herri proiektuan kokatuta dituzten bi lerrotan egingo dute lan horrela: energiaren lanketan eta turismoaren ingurukoan.
Energiaren bide horretan, Oihan Txikiko teilatuan eguzki panelak jarriko dituzte, eta printzipioz, hiru erabiltzaile ezberdin izango ditu: kooperatiba bera, turismoari bideratuko zaion gunea eta ondoan dagoen baserri bat. Hiru gune horien artean banatuko dute eguzki panel horien bidez sortutako energia. Hala ere, asmo nagusia, "herri guztiarekin energia partekatzea" da. Baina, Maiozek azaldu duenez, herri gunean duten transformadoretik Oihan Txikin jarriko duten transformadore berrira gehienez 500 metroko distantzia eskatzen du legeak, eta Orexako kasuan 600 metro inguru daude. Beraz, legea aldatu arte itxaron beharko dute, baina, bitartean, "herriari begirako sorkuntzako leku eraginkor bat" martxan jarriko dutela dio alkateak, eta horrela, "kooperatiba errentagarri egiteko aukera bat izango da".
Eguzki panelez gain, eraikin berri bat egingo dute egun kooperatiba kokatuta dagoen gunean: "Erdia gaztandegia izango da, berria, modernoa, oraingoarekin zerikusirik ez duena, eta, beste zatia, turismoari lotutako gunea izango litzateke". Momentuz, indarrak eraikuntzara bideratuko dituztela zehaztu du alkateak. Bien bitartean, Bizibiziki enpresarekin proiektu bat lantzen ari dira, bisitariei begira zer egin dezaketen, egokiena zer izan daitekeen zehazteko. "Pentsatzen ari gara; mendi aldean dagoen gune bat izango da, asmoa, kristalera moduko bat jartzea da, leku lasai bat izatea". Hala ere, lehenik eraiki egingo dute, eta ondorenean zehaztuko dute gehiago nora bideratuko duten. Eraikin honen kasuan, gastuak erdibana ordainduko dituzte kooperatibak eta udalak.
Egun, turismoari begirako diru laguntzak eskatuak ditu Orexako Udalak Eusko Jaurlaritzan. "Urtea trantsizio urtetzat hartu dugu, diru laguntzak kudeatzen denbora joango zaigu, baina, urte amaierarako erantzun baikorrak baditugu, egiten hasteko moduan izango gara".
Ostatuaren ardura
Proiektu horrekin Ostatuari beste negozio osagarri bat erantsiko zaio, izan ere, martxan jartzen denean, turismoari begirako kudeaketa ere Ostatuak eramango du. Gainera, udarari begira, apartamentu turistikoak ere martxan jarriko dituztela argitu du Maiozek, eta hori ere Ostatuak kudeatuko du.
Segoretxe eraikinean prestatu dituzte apartamentuak. Eraikinak lau solairu dauzka eta udalak, momentuz, hiru solairu atonduko ditu. Sei lagunentzako prestatu dute bat eta bi lagunentzako prestatuko dute bestea. "Ostatuari plus txiki bat ematen dio, eta herri bezala ere beste zerbitzu bat da. Bisitariei begirakoa da berez, baina, herrian bertan sor daitezkeen edozein ezbeharren aurrean prest gaude familiei ere uzteko", esan du Maiozek.