Argazki galeria

Frontoira bueltan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 4a, 19:14

Behar Zana Pilota Elkarteak antolatuta, eskuz binakako gazte mailako pilota partida triangularra jokatu dute sei pilotarik, arratsaldean, Orexako Errebote-atze pilotalekuan. Olasagasti eta Iraola izan dira garaile.

Herrietako pilotalekuak duela gutxi ireki ziren. Federatutako pilotari eta kluben arteko txapelketak, ordea, bertan behera geratu ziren, COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Gaur, ordea, aspaldiko partez pilotari sentitzea lortu dute eskualdeko sei pilotari gaztek. Izan ere, Behar Zana Pilota Elkarteak antolatuta, gazte mailako partida triangeluarra jokatu dute, Orexan. Lagunarteko partida izan da, lehiarik gabea.

22ra lehena heltzen zen bikotea izango zen garaile. Tanto bat galtzean kanpoan zegoen bikoteari uzten zioten lekua. Gainera, kanpotik sartzen zen bikoteak egiten zuen sakea; hortaz, abantaila txikia zen hori. Hala ere, ez da deskantsurako tarte handirik izan. 12. eta 18. tantoetako atsedenetatik haratago, bizi joan da partida, eta tanto bat kanpotik ikusten zutenek ere, denbora gutxi behar izan dute berriro kantxara itzultzeko.

Olasagasti eta Iraola aritu dira urdinez; O. Aranburu eta Aburuza, gorriz; eta Jauregi eta E. Aranburu, berriz, berdez. Partida estua jokatu dute hiru bikoteek, batez ere, urdinen eta gorrien artean. Amaieran, urdinak izan dira 22 tantoak egiten lehenak; gorriek 18 egin dituzte, eta berdeek, berriz, 16.

Tailerretan, haurrak gustura

Gaurko pilota partidaren aurretik, atzo, haur eta gazteentzat pilota tailerrak antolatu zituen Behar Zanak Orexako pilotalekuan. "Dozena bat haur eta gaztetxo hurbildu ziren, bertatik nahiz inguruko herrietatik. Oso gustura aritu ziren pilotak egiten, nahiz palak eta zestak probatzen", esan du Iñaki Lizaso elkarteko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!