"Ostatuaren funtzioa baino askoz gehiago betetzen du ostatuak"

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 11a, 11:08

Konfinamendua arintzearekin batera zabaldu du ostatua Garmendiak; aurreko filosofiari eutsiz, bertako produktuen alde lanean jarraitu nahi dute eta gogotsu ekin diote erronka berriari.

Iazko abenduan itxi zituen ateak Orexako Ostatuak eta maiatzean zabaldu ditu berriro, arduradun berriarekin. Pello Garmendiak hartu du kudeatzaile ardura, baina eskutik izango du udala, Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu duenez.

Bost hilabeteren ondoren zabalik duzue berriro ostatua.

Eneko Maioz: Nahi baino luzeago egin zaigu, baina zabalik da. Denok dakigu herri txikietan ostatuak ostatuaren funtzioa baino askoz gehiago betetzen duela. Ezinbestekoa da belaunaldi ezberdinak elkartzeko eta bisitariei zerbait eskaintzeko.

Ostatua ixterako hasi zineten lehiaketarekin, jendeari kosta egiten zaio ostatua hartzeko pausoa ematea?

E. M.: Aurreneko lehiaketa hartan hiru pertsona aurkeztu baziren, oraingoan ez zen inor ere aurkeztu. Ikusi genuen, betiko lehiaketa eredu hori agortuta zegoela, eta beste sistema batzuk martxan jartzen hasi ginen. Kudeaketa zuzen batean oinarritutako sistema bat planteatu dugu, elkarlana oinarri duena.

Publikoari begira, aurreko funtzionamendu bera izango du ostatuak?

E. M.: Sakontze bat egin nahi dugu hor ere, beste zerbitzu batzuk martxan jartzeko. Esaterako, udalak apartamendu turistiko bat dauka eta ostatuari lotu genion eta baita denda zerbitzua ere. Horretaz gain, ganbara ere txukundu genuen ekitaldi kulturalak egiteko, eta beste gela batean bilerak egiteko bideokonferentzietarako sistema bat ere jarri genuen. Beste bezero mota bat erakarri eta beste zerbitzu batzuk eskaini nahi dira.

Kudeaketa lan horretara animatu zara, Pello.

Pello Garmendia: Herrian laguntza pixka bat behar zela ikusi nuen eta Enekorekin harremanetan jarri nintzen. Martxan nola jarri zitekeen bueltak ematen aritu ginen eta irekitzera animatu naiz.

Egun batzuk badaramatzazue. Jendea taberna gosez zegoen?

P. G.: Herritarrek oso ondo erantzun dutela ikusi dugu, nahiz eta egoerak eraginda zailtasun gehiago izan segurtasun neurriak eta mantentzeko. Jendea herritik ateratzeko gogoz dagoela ere konturatu gara, bisitari asko izan baititugu azken bi asteburuetan.

Tabernako zerbitzuari dagokionez, zein da eskaintza?

P. G.: Egunero irekitzen dugu. Astelehen eta astearteetan ordutegi murritzago bat eskaintzen ari gara, 11:00etatik 18:00etara. Asteazkenetik ostiralera, 11:00etatik itxi arte zabaltzen dugu, eta asteburuan 10:00etan zabaltzen dugu guztia amaitu eta itxi arte. Zerbitzu oso bat eskaini nahi izan dugu egunero zabalduz.

Jatekoari dagokionez, zer da aurki daitekeena?

P. G.: Astean zehar eguneko menua eskaintzen dugu, langile jendearentzat egokia izan daitekeela ikusi baitugu. Gauetan, gure kartan dauzkagun anoa, plater konbinatu eta ogitartekoak eskaintzen ditugu, eta astebururako, kartako gauzez gain, asteburuko menu berezi bat prestatzen hasiko gara, bertako produktuekin eginikoa eta zerbait landuagoa izango dena. Kalitatea eta prezioa zainduz, guztientzat aukera jarri nahi dugu.

Denentzat izango da mokadu goxoren bat, beraz.

P.G.: Bai, hori da. Asteburuari begira menu itxi bat eskaintzea pentsatzen ari gara, baina bigarren platerean, esaterako, aldaketak egin ahalko direna, edota haurren kasuan ere aldaketaren batzuk egin daitezkeena.

Zein motatako sukaldaritza egiten duzue?

P. G.: Nik uste nahasketa bat egiten dugula. Errezeta tradizionalak egiten ditugu, baina gauza berriekin uztartuta. Iruditzen zaigu emaitza oso polita atera zaigula. Oraindik gauzak lantzen ari gara. Aurrera begira, esaterako, pentsatzen hasiak gaude beste menu berezi bat osatzea; ia menu guztia Orexako produktuekin egiten saiatu nahi dugu.

Bertakoa zaintzen ahalegin berezia egin izan duzue azkenaldian.

E. M.: Ostatu eredu horretan, bertako produktuek hor egon behar zutela ikusten genuen. Zerbait berezia eskaini nahi diegu bai herritarrei eta baita bisitariei ere, eta, azken batean, bertako produktuak aukera hori ematen digu. Herrian bertan ardi esnearekin lan egiten duen kooperatiba bat daukagu, eta hortik tiraka hasi ginen eta horrekin jarraitzea da asmoa. Horrez gain, herrian beste ekoizle txiki asko ditugu, eta hori ere aprobetxatu nahi dugu.

Esperientzia baduzu aurrez ostalaritzan?

P. G.: Lan pixka bat egin izan dut aurrez ostalaritzan, baina ez gehiegi. Ikasteko gogoarekin nago ordea. Sonia Tapia ostalaritzako aholkularia ari zaigu laguntzen, eta bere laguntzarekin eta gure gogoarekin ilusio handiarekin gaude aurrera jarraitzeko.

Langileak arduratuko dira taberna zerbitzuaz eta zu arduraduna izango zara.

P.G.: Nire asmoa kudeaketa eramatea eta guztia martxan mantendu ahal izatea da. Taberna eta jatetxea martxan jarriz gero eta langileen ardura hartuz gero, beste lanketa mota batzuetara bideratu nahiko nuke nire jarduna.

Leloak dioen bezala 'Orexa Bizirik' mantentzeko asmoz, beraz.

P. G.: Bai, noski. Herritarren laguntza jasotzen ari gara, eta aurretik ostatuaren ardura izan zuen bikoteak ere asko lagundu gaitu, batez ere, zabalik izan zutenean gauzak ondo egin zituztelako eta bide bat erakutsi zigutelako, eta guk bide hori hobetu nahi dugu gauzak dibertsifikatuz eta herria martxan jarriz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!