Bihar irekiko dira Orexako Ostatuko ateak berriro ere

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 27a, 11:59

Inaugurazioa bihar izango da eta ostiraletik aurrera hasiko dira otorduak ematen; udalarekin elkarlan estuagoa izango du aurrerantzean.

Bost hilabeteren ondoren, berriro martxan izango da Orexako Ostatua. Bihar egingo dute inaugurazioa pintxo pote moduko bat eginez, eta ostiraletik aurrera bazkari eta afariak ematen hasiko dira. Hori bai, gaurtik aurrera erreserbak egin daitezke astebururako, 943 68 22 90 telefonora deituta.

Beste buelta bat eman diote Orexako Ostatuaren kudeaketari. Oraingo kasuan ere herritar batek hartu du ardura, baina kasu honetan udalarekin elkarlan estuagoa izango duela azaldu du Eneko Maioz Orexako alkateak. Izan ere, dinamizazio eta antolaketa lanak egingo ditu arduradun berriak, baina ez du ostatuan lan egingo. Langileak hartuko dituzte.

«Hasieratik konturatu ginen Ostatuaren kudeaketa sistema honek udalarekin elkarlana ezinbestekoa zuela, eta kudeaketa zuzenagoa izateko sakondu egin nahi izan dugu», dio Maiozek. Era berean, eta aurreko filosofiarekin jarraitzeko, saiakera bat egin nahi dute bertako produktuei oraindik eta garrantzia handiagoa emateko. Ostatuko sukaldaritzari dagokionean indar berezia egin nahi dute bertako produktuen alde, baina dendara begira ere jarriak dituzte begiak. Uda ostean aurreikusi dute denda irekitzea eta bertako produktuak ere bertan kokatu nahi dituzte.

Bueltan da beraz, Orexako Ostatua. Abenduaren erdialdean itxi zuten eta horren aurretik, bi urtez egon da zabalik. «Guretzako nahiko naturala izan da, proiektu berdinarekin jarraitu eta sakondu egin baitugu; ezagutza bat bagenuen eta hori aprobetxatu nahi izan dugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!