Energia, bertan sortu eta bertan erabili

Irati Saizar Artola 2020ko api. 24a, 18:51

Orexako Ostatuko teilatuan 45 eguzki panel jarri dituzte; aurrerago pilotalekuko teilatuan eta Urrutxugain auzoko lursail batzuetan jarri nahi dituzte. Horrela, herriak behar duen energiaren erdia plaken bidez sortuko dutela kalkulatu dute. Horrelako ereduak herri txikietara «ondo» egokitzen direla dio Eneko Maioz Orexako alkateak.

Energia berriztagarrien aldeko apustua egiten ari da Orexako Udala. Herrian behar duten energia guztia bertan sortzea helburu hartuta, eguzki panelak jarri dituzte ostatuko teilatuan. Aurrerago beste bi eremutan jartzekoak direla azaldu du Eneko Maioz Orexako alkateak.

«Aspalditik genbiltzan energiaren gaiari heldu nahian», dio Maiozek. Orexa Bizirik herri proiektua abian jarri zutenean hasi ziren gaia lantzen. Lehen pausoak udal eraikinetan eman zituzten. Pellet bidezko berokuntza sistema dute jarrita eraikin guztietan. «Beste jauzi bat» eman nahian, energia berriztagarrien alde egin du udalak. «Orexak daukan kokaguneagatik eta orientazioagatik, egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun».

Hiru produkzio eremu identifikatu dituzke eguzki panelak jartzeko, eta lehen eremuan, ostatuko teilatuan, jarri dituzte jada. Urtea amaitzerako jarri nahi dituzte pilotalekuko teilatuan eta datorren urte hasieran Urrutxugain auzoko lursail batzuetan jartzea da asmoa.

Momentuz, beraz, 45 eguzki panel daude jarrita ostatuko teilatuan. Egun, ordea, itxita dago ostatua, eta Maiozek azaldu duenez, ez daukate potentzial guztia ikusteko aukerarik. Hala ere, kalkula dezakete zenbat energia sortzen ari diren: «Konparazio sinple bat egite aldera, esan genezake, hiru hilabetetan plaka horiek sortu duten energiarekin autoz 15.654 kilometro egin genitzakeela».

Hiru faseak amaitzen dituztenean, herriak behar duen energiaren erdia sortuko dutela kalkulatu dute. ostatuko plakek sortzen duten energia ostaturako soilik dago bideratuta, baina beste bi instalazioekin herri guztian zehar banatzeko aukera izango dute, alkateak esan duenez «ia herri guztia transformadore berdinaren pean dagoelako». Hor sortuko den energia guztia «bizilagun guztien artean banatzea» da asmoa. «Bereziki bertako komertzioei laguntza berezia eman nahi diegu, kasu honetan, bai ostatuari eta baita kooperatibari ere, eta gero, etxebizitza pribatuetara joango litzateke».

Bateriarik gabekoak 

Plakek eguzki bidez sortzen dute energia, alegia, egunez. Bateriarik jarri ezean, sortu ahala erabili behar izaten da energia hori, bestela ez baitu pilatzen. Orexan «momentuz» bateriarik ez jartzea erabaki dute: «Iruditu zitzaigun ez zeukala zentzurik ostaturako bakarrik behar dugun energia bateria batzuetan gordetzeak, asmoa ez baita ostatua saretik isolatzea, baizik eta sistema handiagoa egiten dugunean benetan kalkulatzea zer komeni zaigun eta zer ez». Plakak jarriagatik, gero ere badute aukera bateriak jartzeko.

Prezioari begira ere jarri dira, izan ere, bateriak jartzeak «gastua asko igotzen du». Gutxi gorabehera 23.000 euroko gastua egin dutela zehaztu du alkateak. «Egunez behar dugun argindar guztia plaken bidez sortzen badugu, horrek gastu finkoak jaistea ekarriko du», gaineratu du. Sorkuntzari eman diote lehentasuna, eta aprobetxatzen dutenaren arabera moldaketak egingo dituztela aurreratu du Maiozek.

Horrelako eredu bat herrian txertatzea «txikitasunak» ematen duen abantaila bat dela dio Orexako alkateak: «Horrelako ereduak herri txikietara ondo egokitzen dira, eta egingarria bada eta demostratzen badugu, iruditzen zaigu beste asko interpelatzen ari garela beste mundu batean sartzeko». «Pauso txikiak» emanez jarraitu nahi dute, baina «beti norabide zehatz batean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!