Orexako Ostatua eta apartamentua lehiaketara atera ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 14a, 11:58

Duela bi urte ireki zituen ateak Orexako Ostatu eraberrituak. Orain arte zerbitzua eskaintzen aritu direnek laster utziko dute zeregina, eta Orexako Udalak lehiaketara atera du bere ustiaketa datozen hiru urteetarako.

Ostatuaren ustiaketaz gain, kontratuak barne biltzen ditu apartamentu turistikoaren, bertako produktuen dendaren eta harrera gune zerbitzuaren kudeaketa eta mantentze zerbitzuak.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek 200 euroko behin behineko bermea aurkeztu beharko dute. Behin lehiaketa bukatuta, esleipendunak 1.200 euroko bermea jarri beharko du, eta horren erdia kontratua sinatzerako ziurtatuko du; gainerako erdia urtebetean zehar ordaindu dezake.

Bestalde, kudeatzaile berriak sei hilabetero ostatuko kontuak aurkeztu beharko ditu eta irabazien %10a ordaindu beharko du; gehienez 150 euro. Apartamentu turistikoagatik ere portzentaje bera ordaindu beharko du.

Udalak, bere gain hartuko ditu tabernako berokuntza, gasa eta argindarra, baita apartamentuko ura, argindarra eta berokuntzako gastuak ere. Gainerakoak esleipendunaren betebeharrak izango dira.

Kontratuaren iraupena hiru urtekoa izango da, baina urtebeteko froga aldia ezarri du udalak. Bi aldeek oniritzia adieraziko balute, kontratua bi urtez luzatzeko aukera eskainiko zaie.

OINARRIZKO BALDINTZAK

Kudeatzaile berriak euskararen ezagutza eta erabilera izatea ezinbestekotzat jo du udalak. Bestalde, Orexako turismoaren garapenean modu aktiboan parte hartu beharko du, garapena lagundu dezaketen ekintzen antolakuntzan eta parte hartzean Orexako Udala lagunduz. Gainera, bertako produktuen promozioa egin beharko du, bai zuzeneko salmenta bidez, eta baita ostatuko menuetan sartuz ere.

Horiez gain,Euskal Herriko Ostalaritza Elkarteak, Tolosako Gourmetek eta Nekaturrek antolatzen dituzten ekintza eta formakuntzetan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko du.

GANBARAREN ERABILERA

Ostatua kokatuta dagoen eraikinak erabilera anitzeko ganbara bat du bigarren solairuan, eta esleipendunak hori erabiltzeko ahalmena izango du; horren trukean, garbitu egingo du eremua. Apartamentu turistikoari dagokionez ere, garbiketaren eta jarraipenaren ardura kudeatzaileak izango du.

Proposamenak Orexako Udalean aurkeztu beharko dira. Azaroaren 7an argitaratu zen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hamabost eguneko epea egongo da dokumentuak aurkezteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!