Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Gure erronka gazteak herrian geratzea da"

Ataria 2019ko ira. 19a, 19:57

Ondo baino hobeto daki udaletxerako bidea Eneko Maiozek. Hirugarrenez errepikatuko du alkate kargua, baina trantsiziozko alkatetzan dagoela esan du; gazteei erakutsi nahi die funtzionamendua.

Eneko Maioz (Donostia, 1984) Orexako alkate izateaz gain EH Bilduko Gipuzkoako arduradun politikoa da, eta EUDELen EAEko zuzendaritza batzordeko kide izatetik Gipuzkoako kide izatera pasa da.

Hirugarren aldiz animatu zara alkate makila hartzera.

Egia esan ez zen erabaki erraza izan. Horrelako herri txikietan denok udaletxetik pasatu behar dugula onartuta dugu. Herriko gazteak oraindik udalera sartzeko goiz zela ikusi genuen eta trantsizio hori egiteko nik jarraitzea egokia izan zitekeela ikusi genuen.

Zer moduz hasi zarete lanean?

Martxa hartzen ari gara oraindik, baina oso gustura. Gogotsu gaude lanerako; hau beste mundu bat da eta ikastea ere kosta egiten da, baina, gogoz gaude eta erraz ikasiko dute.

Zortzi urte daramatzazu alkatetzan. Nola baloratzen dituzu?

Ondo esango nuke. Herrian bereziki gazte asko genituen eta erronka hori genuela ikusi genuen. Orexa Bizirik plana irudikatzea lortu dugu eta nik uste zortzi urteren ondoren bide horretan aurrerapauso garrantzitsu batzuk behintzat egin ditugula.

Zein puntutan dago Orexa Bizirik plana?

Erabat garatzea oso konplikatua da, bereziki, oso filosofikoa delako. Izan ere, helburua herri bizi bat sortzea da eta gazteak herrian geratzea. Ikusgarriena izan daitekeena ostatuaren prozesua izan daiteke. Beste modelo baten aldeko hautua egin dugu, ekintzaile sozial bat izango litzatekeena. Ostalaritzako funtzioaz harago, bertako produktuekin lan eginda. Oso ondo doala esango nuke, eta denborarekin bere lekua hartzen.

Horrez gain zein beste proiektu duzue buruan?

Printzipioz urte honetan Plan Orokorra onartu beharko genuke. Horrekin, gazteentzako etxebizitzak ahalbidetuko genituzke. Eta bereziki buruan duguna energiaren inguruko proiektuak dira. Orexa Bizirik proiektuaren ildo bat zen hau, eta hasiera hartan, udal eraikinetan beleta bidezko berokuntza jarri genuen, eta orain sorkuntzara egin nahiko genuke saltoa. Asmoa litzateke, behar dugun energia guztia sortzeko kapazitatea edukitzea Orexan, eta datorren urtean lehenengo fase bat egin nahiko genuke, behar dugun energiaren erdia edo sortzen duen instalakuntza bat jartzeko.

Gazteei begirako etxebizitzak aipatu dituzu. Badakizu zer asmo duten herriko gazteek?

Herriko marka sortzeko prozesu bat egin genuen, eta bereziki gazteekin lantalde berezia egin genuen. Gure sorpresarako, gazteen ikuspegia sinplea izan zen: Orexan hazi naiz, hala bizi naiz, eta aukeran, Orexan bizi nahiko nuke. Lanari eta etxebizitzari garrantzirik kendu gabe, baina ikusi genuen erabakia sentimentalagoa zela. Horregatik bada ere, herri bizi bat mantentzea garrantzitsua ikusten dugu.

Udalarentzat hori entzutea pozgarria izango da.

Momentu honetan 20 urtetik behera 34 gazte dauzkagu, eta populazioaren parte handi bat da. Gure erronka, beraz, gazte horiek Orexan geratu ahal izatea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!