Pantxoa Carrere entzuteko aukera, Orexako ostatuan

Ataria 2019ko otsailaren 14a

Duela hamar urte kontzertua eskaini zuten Pantxoa eta Peiok, Leidor aretoan.

Kantari lapurtarrak kontzertua eskainiko du, bihar, 22:00etan, Orexako ostatuan, 'Ostiral kulturalak' egitasmoaren barruan.

Ekitaldi kulturalak egin ohi dituzte Orexako ostatuan, hilabeteko zenbait ostiraletan. Biharko kontzertua da horren adibide. Pantxoa Carrere lapurtarrak eskainiko du kontzertua, 22:00etatik aurrera. Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu du «zirkuitu finko bat» dutela, eta «herriko nahiz kanpoko jendea erakartzeko» egiten dutela.

Pantxoa Carrerek bere ibilbidean, Peio Ospital izan du gehienetan aldamenean, baina, duela hiru urte, bakarkako diskoa aurkeztu zuen, Anaitasunean izenarekin. Herria, herritarrak eta kantua, hiru kontzeptu horiek landu ditu bere ibilbidean zehar eta «triangelu sinergiko» horretan mugitu da orain ere.

Manex Pagola, Daniel Landart, Manex Erdozaintzi Etxart, Leon St. Esteben, Xalbador eta Etxahun Iruriren hitzak bildu ditu diskoan, eta berak sortuak ere badaude. Guztiak gai antzekoen ingurukoak dira: askatasun gosea, maitasun beharra, hizkuntza eta kulturarekiko konpromisoa, herriaren geroa, eta esperantza, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!