40 orexar bildu dira, asteleheneko suteak kaltetutako Oroitz etxea auzolanean garbitzeko

Mikel Iraola 2018ko ots. 24a, 20:31

Elkartasunak Orexa batu du. Igandetik astelehenerako gauean suak guztiz suntsitu zituen Oroitz etxearen goiko solairua eta teilatua. Eraikinaren birgaitze lanak hasi aurretik, ordea, herritarren artean barruan geratzen ziren ondasun guztiak atera dituzte, auzolanean.

Arratsaldeko 15:00etan bildu dira, eta ostatuan kafea hartuz lanerako antolatu dira. 30 lagun inguru zeuden une horretan, baina gerora jende gehiago azaldu, eta 40 herritar inguruko taldea osatu dute. Haur, gazte eta heldu.

Suak kaltetu ez zuen lehen solairua hustea zuten helburu. Horretarako, giza-katea osatu dute eta pixkanaka ondasunak eta pilatutako trasteak ateratzen joan dira. Kanpoaldean zegoen etxearen jabeetako bat, zer gorde eta zer bota sailkatzen.

Eneko Maioz alkatea ere lanean zegoen, pozik, auzolanerako egindako deialdiak izandako harrerarekin: “Astebete ere ez da pasa sutea gertatu zenetik, eta herritar asko bildu gara gaur. Honek erakusten du herri honek duen elkartasunaren tamaina. Gaurkoan, hori da irudia, elkartasunarena, eta horri balioa eman behar zaio”, azaldu du.

Gaurkoan bakarrik ez, kaltetuek astean zehar ere gertu izan dituzte herritarrak. “Jakin badakigu udalaren apartamentuan egon diren bitarte honetan herritar asko joan zaizkiela bisitan. Janaria eta bestelako materialak ere eraman dizkiete. Laguntza asko jaso dute baina sakabanatuagoa izan da. Gaur, aldiz, herritarrak guztiak batera ikustea positiboa da”, aitortu du Maiozek. Oroitz etxearen jabeak ere “oso eskertuta” daudela azaldu du alkateak: “Sentitu dute herriaren goxotasuna eta gertutasuna eta ikusi dute herritarrak beraiekin daudela behar dutenerako”.

Bien bitartean, udal teknikariekin, aseguru etxearekin eta birgaitze lanak egiteko arduradunekin egin beharreko tramiteetan laguntzen ari da udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!