Larunbatean auzolana egingo dute Oroitz etxea garbitzeko

Ataria 2018ko otsailaren 22a

Igandetik astelehenerako gauean erre zen Orexako Oroitz etxean lehenbailehen egin nahi dute lehen jardunbidea. Hori dela eta, gaur arkitektoekin bildu dira.

Astelehenetik Orexako apartamendu turistikoetako batean dago su hartu zuen etxebizitzan bizi zen bikotea. Alkateak esan du oraingoz han jarraituko dutela, suteari berari eta suhiltzaileek garrak itzaltzeko erabilitako urari, egun hauetan egin duen euriak eragindako kalteak gehitu behar baitzaizkio. «Oso suerte txarra izan dute zentzu horretan, eguraldi honekin kalteak handiagoak izango direla pentsatzen baitugu», esan du Eneko Maiozek.

«Leku egokia daukate egoteko, azken egokitzapenak egiten ari gara bertan. Pixkana egoera asimilatzen ari dira eta lasaitzen. Aseguruekin tramitazioak egiten ari gara, eta gaur izango dugu bilera bat arkitektoekin eta abar, etxebizitzan segurtasunaren aldetik zein urrats eman behar den ikusteko. Lehen urrats hori lehenbailehen egin nahi dugu; garbiketa lanak eta abar», gaineratu du. Segurtasunaren aldetik lehen urrats hori emanda, jaso daitezkeen gauzak jasotzera joango dira jabeak. «Egia da ez garela positiboak zentzu horretan, kalte handiak egongo direla iruditzen baitzaigu, baina ikusiko dugu». Oraindik ez dakite sutea zerk sortu zuen, hainbat hipotesi dituzte suhiltzaileek, baina oraindik ez dago argi. Bien bitartean, bikoteak udalaren apartamentuan jarraituko du eta udalaren laguntza jasoko dutela esan du Maiozek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!