Ostiral Kulturalak egitasmoa abiarazi dute Orexako Ostatuan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 22a, 09:30

Lehen emanaldia Orexa eta Lizartzako gazteei zuzendutako film baten emanaldia izan zen; bihar izango da hurrengoa, Guatemalako Lolita Chavez ekintzaileak hitzaldia eskainiko du.

Ez da denbora asko Orexako Ostatua eraberritu eta berriz ere ireki zutela. Ez da proiektu isolatua, Orexa Bizirik proiektu mamitsuaren barruan kokatu behar da, eta herria biziberritzeko eta Ostatua bera indartzeko beste ekimen bat abiarazi dute jada; Ostiral Kulturalak. Hilean bitan, bi ostiraletan, askotariko ekitaldiak antolatuko dituzte bertan, eta horietako bat gazteei begirako film baten emanaldia izango da.

«Orexa Bizirik proiektuarekin lotuta dagoen ekimena da. Herriko negozioak lagundu behar genituela ikusi genuen eta tartean herriko Ostatuak funtzio garrantzitsua zeukala ondorioztatu genuen, eta horretarako eta Orexa bizirik mantentzeko Ostatuari lagundu behar zitzaiola ikusi genuen, eta hortik sortu da Ostiral Kulturalak», esan du Eneko Maioz alkateak.

Helburuak horiek izanda hainbat ideiarekin bueltaka ibili direla esan du Maiozek eta horietako bat Ostiral Kulturalak izan zela. «Hilean pare bat ekintza egin nahi ditugu, biak ostiraletan, eta aitzakia da herriko jendearentzako kultura jarduera batzuk antolatzea, baina baita Ostatuaren erreferentzia hori sortzea ere, bai herritarrei begira, noski, eta baita kanpokoei begira ere», gaineratu du.

Udaletik sortutako ekimena den arren, Orexa Bizirik kultur elkartearekin duen akordioan kokatu du Ostiral Kulturalak ekimena. «Festak, ekitaldiak... eta abar antolatzen dituen elkartea da Orexa Bizirik eta beraiekin elkarlanean egin dugu hau», azaldu du.

Askotariko ekitaldiak izango dira, baina beti egongo dira gaztetxoei begirako filmak; «hilean behin film bat jarriko genuke, txandaka, hilabete batean gazteentzako eta, bestean, heldugoentzako. Aurreko ostiralean egin genuen lehen saioa, gaztetxoentzako filma jarri genuen eta ondoren pizza jatea egon zen. 30 gaztetxotik gora bildu ziren, Orexa eta Lizartzakoak, eta oso balorazio positiboa egiten dugu».

Filmak izango dira hortaz, Ostiral Kulturaletako muinetako bat eta bestea, bestelako ekitaldiak izango dira, eta horietako lehena ostiral honetan izango da. Izan ere, Guatemalako Lolita Chavez gonbidatu dute. Hitzaldia 22:30ean eskainiko du, eta lehenago afaltzeko aukera ere egongo da. Afaria erreserbatu ahal izateko Ostatuan bertan dagoen zerrendan eman behar da izena edo 943 68 22 90 telefono zenbakira deitu.

BIHARKO HITZALDIA

Lolita Chavezek Guatemalako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera emango du eta kitxe herria egiten ari den borrokaren berri emango du. «Oreretan urtarrila hasieran eman zuen hitzaldian egoteko aukera izan genuen eta asko gustatu zitzaigun, oso komunikatzaile ona da. Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellakuria saria ere eman dio eta hona ekartzeko aukera izan dugunez, aprobetxatu egin dugu, oso interesgarria izango baita», esan du alkateak.

Martxoaren 8a gerturatzen ari da, eta egunaren bueltan hitzaldia egokia izan zitekeela ere pentsatu zuten. «Aurretik hitzaldia egin eta gaia kokatzea interesgarria iruditu zitzaigun, horrela Martxoaren 8ko betiko ekitaldietatik ateratzeko aukera ere baliatu nahi genuen», gaineratu du.

Chavez bera nor den ere laburbildu du Maiozek: «Lolita Chavez Guatemalako ekintzaile bat da, oso ezaguna, bereziki feminismoaren munduan, oraintxe bertan Ellakuria saria eman dio Eusko Jaurlaritzak, eta Guatemala bertan ere nahiko arazo izan ditu bere ideologiarengatik eta bere borrokengatik. Bere esperientziaren berri emango digu ostiralean, eduki dituen arazoak eta abar. Ideologikoki formatzeko aukera polita eskainiko du ere. Egia esan feminismoan eta berdintasuna lortzeko borroka horretan oso egokia dela iruditzen zaigu. Pedagogikoa ere izango da, lehen eskutik bere esperientzia jasotzea oso interesgarria izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!