Etxebizitza batek su hartu du goizaldean Orexan

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 19a, 09:39

Goizaldeko hiruretan Orexako Oroitz etxeak su hartu du. Ez dago zauriturik, baina etxebizitzaren goiko solairua eta teilatua guztiz suntsitu ditu.

Etxearen jabeek eman dute sutearen berri, 03:00ak aldera. Adineko bikote bat bizi da bertan eta euren kabuz atera dira etxetik, sua piztu bezain pronto. Bizilagunak ere segituan ohartu dira, eta laguntza eskaini dute lehen unetik. Bertan zegoen Eneko Maioz alkatea bera ere: "Suhiltzaileak lanean ari ziren bitartean bizilagunen etxean eman ditugu orduak, bikoteari laguntza eskaintzen. Une gogorrak izan dira".

Suhiltzaileak 5 orduz izan dira lanean, eta kontrolpean dute egoera. Teilatua eta goiko solairua guztiz suntsitu ditu suak; beheko solairuak, berriz, ez du kalterik. "Iritsi garenerako, teilatua erabat hartua zuen suak, eta gure helburua izan da sua kontrolatzea eta beheko solairua salbu izatea. Egoera ikusita, askoz ere larriagoa izan zitekeen", azaldu dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri suhiltzaileetako batek. Oraindik ez dakite zerk eragin duen sutea.

Bien bitartean, Orexako Udala prest azaldu da kaltetutako bikotea laguntzeko. Udalaren jabetzako apartamentu batean eman diete ostatu, Eneko Maiozek azaldu duen moduan: "Apartamentu turistiko gisa prestatu genuen eta lanak amaituta bazeuden ere, oraindik ez gara zerbitzu hori eskaintzen hasi. Goizeko ordu txikitan maindireak aldatu eta berogailua jartzera joan gara. Badirudi luzerako emango duela honek eta bitartean han geratzea eskaini diegu". Bestelako tramiteekin laguntzeko ere prest azaldu da Orexako Udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!